Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro Uemako kide izango dira larunbatetik aurrera

Bost udal gehituko dira UEMAra larunbatean
UEMA
Actualizado: viernes, 13 enero 2017 11:49

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) batzar nagusia egingo du Larrabetzun (Bizkaia) larunbatean, urtarrilaren 14an, eta mankomunitatera sartzeko Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaroko udalek egindako eskaera berriak aztergai izango dira. Bost udal berriak gehituta, 82 udal izango dira UEMAko kide, guztira 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Hain zuzen ere, agintaldi honetan bederatzi udalek erabaki dute Uemako kide izatea: Ea, Dima, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Mendaro, Larrabetzu, Ataun, Errezil eta Areatzako udalek.

Horrela, agintaldiaren hasieratik gehitu diren bederatzi herri berriekin, guztira, 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute Uemako kide diren herrien artean.

Modu honetan, larunbatean, Uemako kide diren udaletako ordezkariek, batzar nagusia egingo dute Larrabetzuko kultur etxean, eguerdiko 12:00etan. Besteak beste, 2017ko egitasmoa onartuko dute, Uemaren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza.