Larrialdietarako Arabako Funtsak 40.000 euro bideratuko ditu Kolonbiako azken uholdeek kaltetutako familiei laguntzera

Mocoan izandako uholdeak
JAIME SALDARRIAGA / REUTERS
Actualizado: miércoles, 12 abril 2017 15:54

GASTEIZ, 12 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 40.000 euro bideratuko dituzte Kolonbia hegoaldeko Mocoa hirian hilaren hasieran izan ziren uholdeek kaltetutako familiei laguntzera. Larrialdietarako Arabako Funtsa aktibatu dute berriro horretarako, Kolonbiako hainbat eskualdetatik etorritako Gasteizko eta Arabako bizilagunek osatzen duten Kolonbia-Euskadi elkartearen proposamenari erantzunez.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, elikagai ez galkorrak, garbiketa materiala, haurrentzako produktuak, mantak, linternak, koltxonetak eta berotu eta babesteko beste hainbat gai hornitzeko eta horiek bertara garraiatzeko baliatuko da dirua.

Kolonbia eta Ekuadorren arteko mugan dago Mocoa hiria, herrialdearen hegoaldean. Gaizki komunikatuta eta isolatuta dauden barrualdeko komunitate indigenetan izandako kalteak eta biktimak oraindik baieztatu gabe daude, baina, behin behineko datuen arabera, 115 izan litezke hildakoak, 90 desagertuak, 300 kaltetutako familiak eta sei kabildo indigena hondamenak joak. Bertako agintariek ez dute nahiko baliabiderik hondamenari aurre egiteko, ostatu emateko lekuak eskasak dira, eta gorputegiak gainezka dituzte. Hori dela eta, nazioarteko laguntza jasotzen ari dira.