Larrialdietarako Plan Berezia aktibatu da EAEn, uholde arriskua dagoelako alertako fasean

Actualizado: viernes, 30 enero 2015 15:00

BILBO, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Larrialdietarako Plan Berezia aktibatu duela, ibaien egoerarengatik eta aurreikuspenek euria erruz egingo duela adierazten dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) uholdeak izateko arriskua dagoelako, alerta egoeran.

Alerta fase hori, oraindik ere gertatu ez diren balizko larrialdien aurreikuspenak daudenean jartzen da, hau da, balizko egoera horiek gertatu ez diren arren, egoerarengatik eta eguraldiaren bilakaera txarra izaten bada, larrialdiko egoera hori gerta daitekeenean jartzen da. Normalean, aurreikuspen meteorologikoa duten fenomeno naturalekin lotutako egoeretan jartzen da edo urtegiek zuzen funtzionatzen ez dutenean.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta balizko uholdeek eragin diezaieketen herrietako alkateek osatutako Kontseilu Aholkularia aurreabisuko egoeran dago, larrialdiko fasera pasatzea erabakitzen den kasuan bakarrik deitzeko zain. Egoera hori gertatuko balitz, Kontseilu Aholkularia bilduko litzateke, euri jasa handiek sortutako ondorioei aurre egiteko egin beharreko lanak koordinatzeko behar diren neurriak hartzeko.

Era berean, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzuak (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoak, boluntarioen elkarteak eta antzerakoak) ere erne daude, uholdeak egon daitezkeelako. Halaber, uholdea izateko arrisku handiagoa duten ibai arroen egoeraren etengabeko jarraipena egiten ari dira URA Uraren Euskal Agentzia, Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentzia eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek.