Latinoamerikako zortzi herrialdetan giza ekonomia indartzeko ituna sinatu dute Mondragon Unibertsitateak eta Alboan GKEk

Actualizado: martes, 23 mayo 2017 11:05

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Mª Mar Magallon Alboan Fundazioko zuzendariak eta Begoña Pedrosa Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, El Salvador, Mexiko, Nikaragua, Paraguai eta Perun elkartasunerako giza ekonomia indartzeko asmoz. "Formakuntza, laguntza teknikoa eta elkartasunerako ekonomiaren ekimenak babestea" izeneko egitasmoa garatuko du hitzarmenak.

Akordioa 298.173 eurokoa da. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 237.636 euro jarriko ditu, eta hitzarmena izenpetu duten bi erakundeek gainontzeko 60.537 euroak. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du, 2016ko abendutik 2018ko abendura. Era berean, hitzarmenaren baitan, genero berdintasuna eta prozesu osoaren sistematizazioa eta zabalkundea sustatzeko ekintza zehatzak egingo dira.

Bi erakunde sinatzaileek nabermendu dutenez, formakuntzako eta babesarako ekimenetan parte hartuko duten Latinoamerikako ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko 16 erakundeak Comparte deritzon garapen alternatiborako ikaskuntza eta ekintza sareko partaideak dira. Alboan eta Lanki fakultatea sareko laguntzaileak dira.

"Comparte espazio estrategikoa da. Bertatik, parte hartzaileek ezagupenerako sorkuntza kolektiboari ekarpenak egiten dizkiote, Ipar-Hegoa eta Hego-Hego arteko esperientziak trukatzeko baldintzak sustatu, eta jasangarriak eta inklusiboak diren alternatiba ekonomiko-produktiboak proposatzen dituzte", azaldu dute.