Lau gazte atxilotu dituzte Gasteizen indarra erabilita egindako hainbat lapurretengatik

Publicado: viernes, 24 febrero 2017 17:15

GASTEIZ, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 18 eta 22 urte bitarteko lau gazte atxilotu zituzten ostegunean Gasteizen, joan den asteburuan Arabako hiriburuan bertan indarra erabilita egindako hainbat lapurretaren egileak direlakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Joan den asteburuan Ertzaintzak hiru salaketa jaso zituen Gasteizko hainbat kaletan indarra erabilita egindako lapurreten ondorioz. Hiru lapurretak ordu tarte berean gertatu izanak, ustezko egileen deskribapenak bat etortzeak eta, kasu guztietan, lapurtzeko modu bera erabili izanak -biktimen kontrako indarkeria handiz jardun zuten-, kasu guztietan egileak pertsona berdinak zirela pentsarazi zuten. Gainera, biktimak ospitale batean artatu behar izan zituzten zaurien larritasunaren ondorioz.

Une horretatik aurrera, ertzainek ikerketa abiarazi zuten ustezko egileen nortasuna zehazteko. Ikerketen emaitza gisa, ostegun goizean 18 eta 22 urte arteko lau gazte atxilotu zituzten indarra eta larderia erabilita egindako ustezko lapurreta delituak egotzita. Atxilotuetako hiruk polizia aurrekariak zituzten, eta ostiral honetan guztiak eraman dituzte Gasteizko gau eta eguneko epaitegira.