Lau gizon atxilotu dituzte Bilbo, Leioa, Irunen eta Donostian emakumeei erasotzeagatik

Actualizado: lunes, 3 enero 2011 14:55

BILBO, 3 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu azken orduetan Bilbon, Leioan (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa) bikotekideei erasotzeagatik. Halaber, beste gizon bat atxilotu du Donostian sexu-harremana izatera zihoan emakume bat jotzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Lehen atxiloketa atzo goizaldean izan zen, Bilbon. Zenbait oinezkok Ertzaintza ohartarazi zuten gizon batek emakume bat jo zuelako Pio X. plazan. Patruila bat heltzean, agenteek gizon bat ikusi zuten emakumea eskaileren kontra bultzatzen eta aurpegian kolpeak ematen.

Bi pertsonak banandu ostean, ertzainek ikusi zuten emakumeak aurpegia handituta eta atzamarkadak zituela, eta, dirudienez, ez zela gertatzen zen lehen aldia. Hori guztia ikusita, ertzainek 29 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero indarkeriako delitu bat leporatuta.

Bestalde, atzo arratsaldean beste gizon bat atxilotu zuten Leioan, bikotekideari eraso egin ondoren. Biktimaren bertsioaren arabera, bi lagunak eztabaidan hasi ziren eta momentu batean gizonak iraindu egin zuen eta buruan eta saihets-hezurretan kolpatu zuen. Biktimak aurpegian zauriak zituela egiaztatu ondoren, agenteek 34 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero indarkeriako delitu bat egotzita.

Halaber, Irunen 32 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo gauean, bere emaztea behin eta berriro jotzeagatik. Biktimak ertzainei jakinarazi zienez, erasoak larunbat arratsaldean hasi ziren eta atzo arratsaldean jarraitu zuten. Eraso gehiago saihesteko, emakumeak bikotea zegoen etxetik alde egin zuen baina bikotekidea bere atzetik joan zen kafetegi batera arte eta etxera itzultzera behartu zuen.

Etxebizitzako atarian, auzokide batek gizonak emakumea jotzen zuela ikusi zuen eta Ertzaintzari deitu zion. Bertaratutako agenteek erasoen ustezko egilea atxilotu zuten, gertaeren bertsioak entzun ondoren.

Azkenik, Donostian 37 urteko gizon bat atxilotu dute emakume bat jotzeagatik; atxilotua eta emakumea gizonak ostatu batean okupatzen zuen gelara joan ziren sexu-harremanak izateko. Gelan zeudela, gizona bortizki aritu zen emakumearekin lepotik gogor helduz. Biktima ihes egiten saiatu zen baina erasotzaileak bizkarretik heldu eta lurrera bota zuen. Ostatuko langileek emakumearen oihuak entzun zituzten eta gizona ostatuan atxiki zuten Ertzaintzaren patruila bat heldu eta atxilo eraman arte.