Lau gizon atxilotu dituzte Bilbon ibilgailuetan indarrez lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 11 enero 2011 12:17

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek lau gizonezko atxilotu zituzten atzo gauean Bilbon, hiriburuko toki ezberdinetan aparkaturiko zenbait ibilgailutan lapurtzen harrapatu ondoren. Bi atxilotuk 20 urte dute eta beste biek 19 eta 30 urte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Alde batetik, gaueko 21:00ak baino pixka bat lehenago, 20 eta 30 urteko bi gizon atxilotu zituzten Indautxu aldean, herritarren segurtasunerako patruila batek auto bateko sarraila indarrez irekitzen eta barrura sartzen harrapatu ondoren. Ertzainek bi susmagarriak geldiarazi zituzten lapurreta egin ondoren tokitik alde egitera zihoazenean. Horrela, autoaren jabearenak ziren sakeleko telefonoa eta diru-zorroa berreskuratu ahal izan zituzten.

Ondoren, 23:30ak aldera, Ertzaintzari jakinarazi zioten bi lagun jarrera susmagarriarekin ikusi zituztela Ibañez de Bilbao kalean aparkaturiko ibilgailuen artean. Patruila bat joan zen bertara eta egiaztatu zuen auto bat indarrez ireki zutela eta deitzaileek emandako deskribapenarekin bat zetozen bi gazte aurkitu zituen inguruan.

Susmagarriak 19 eta 20 urteko bi gizonezko ziren, eta autotik lapurturiko zenbait objektu aurkitu zizkieten gainean. Hori dela eta, atxilotu eta ertzain-etxe batera eraman zituzten.