Lau gizon atxilotu dituzte Gasteizen genero indarkeria egotzita

Actualizado: lunes, 7 marzo 2011 17:22

GASTEIZ, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udaltzaingoak lau gizonezko atxilotu zituen atzo Arabako hiriburuan genero indarkeria egotzita. Hiru kasutan eraso fisikoak izan ziren, eta bestea hitzezko erasoa izan zen.

Udaltzaingo gasteiztarrak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Arana auzoan 35 urteko gizon bat atxilotu zuen, bikotekide ohiarekin eztabaidatzen ari zela. Emakumeak bertaratutako patruilari esan zion berriki banandu zirela, gizonak etxebizitzako giltzak emateko eskatu ziola eta ondoren jo egin zuela. Gainera, herio-mehatxuak egin zizkion.

Udaltzainek gizonaren gauzak zituen ibilgailu bat miatu zuten, eta pistola bat aurkitu zuten; jaurtigairik gabeko pistola izan arren, behin manipulatuta, tiroak bota ditzake.

Bestalde, Lakua-Arriaga auzoan 47 urteko gizon bat atxilotu zuten. Emakume batek deitu zion Udaltzaingoari; etxebizitzan senarra zegoela eta irainka eta mehatxuka joan zitzaiola esan zien udaltzainei. Senar-emazteak dibortziatzeko eginbideak burutzen ari dira. Udaltzainak gizonezkoarengana joan zirenean, modu bortitzean aritu zen eta agenteak kolpatu zituen. Horregatik menderatu egin behar izan zuten.

Gainera, Gasteizko Udaltzaingoak 26 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen atzo Desamparadas auzoan bere bikotekideari erasotzea leporatuta. Bertara heltzean, emakumeak ezpainean odola zerion zauria zuela ikusi zuten udaltzainek, eta etxean zegoen bikotekideak jo egin zuela kontatu zien. Hala ere, emakumeak ez zuen salaketarik jarri.

Era berean, 33 urteko gizonezko batek emakume bat astindu eta bultzatu zuen, baina emakumeak ez zuen salaketarik jarri nahi izan, beldurtuta zegoen arren.