Lau lagun atxilotu dituzte Aian enpresa batean lapurtzeagatik eta beste hiru Zarautzen kableak osteagatik

Actualizado: viernes, 27 mayo 2011 12:04

DONOSTIA, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek zazpi pertsona atxilotu dituzte guztira azken orduetan Aia eta Zarautz herri gipuzkoarretan, enpresa batean eta kable elektrikoak lapurtzeagatik, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Lehenengo lapurreta atzo, osteguna hilak 26, izan zen, arratsaldeko lehen orduan, Aiako lantegi batean. Enpresako langileek gizon bat eta nerabe bat harrapatu zituzten nikelezko piezak lapurtzen. Errieta egin arren, lapurrek ostutakoarekin alde egin zuten beste gizon batek gidaturiko furgoneta batean. Lapurretan emakume batek ere lagundu zuen, langileei aurre egin eta beste inplikatuekin alde egin baitzuen. Ondoren ikusi zutenez, nikelezko piezen 90 kilo inguru ostu zuten.

Gertatutakoaz ohartarazita, Ertzaintza lapurrak bilatzen hasi zen. Furgoneta pixka bat geroago aurkitu zuen patruila batek Zarautzen autobidetik irtetzen eta barruan ustezko lau inplikatuak zihoazela. Agenteek ertzain-etxera eraman zituzten gertatutakoa argitzeko eta 43 urteko emakume bat eta 15 urteko adingabe bat atxilotu zituzten; 28 eta 30 urteko bi gizonezkori lapurreta delitu bat egotzi zieten. Guztiek dituzte delituzko aurrekariak.

Bestalde, Ertzaintzak delituzko aurrekariak dituzten 25, 34 eta 43 urteko hiru gizonezko atxilotu ditu gaur goizaldean Zarautzen sare elektrikotik kobrezko kableak lapurtzea egotzita.

Goizaldeko 4:00ak aldera, Ertzaintzak abisu bat jaso du Zarauzko zonalde batean argia joan delako eta pertsona batzuk jarrera susmagarrian ikusi dituztelako auto batean. Patruila bat zonaldetik ibili da eta hiru gizon aurkitu ditu kobrezko kablez beteriko furgoneta baten ondoan.

Kableak lapurtuak izan zitezkeen susmoarekin, ertzainek hiru gizonak atxilotu dituzte eta ibilgailua konfiskatu dute. Ikerketak aurrera darrai lapurreta norainokoa izan daitekeen argitzeko.