Lau pertsonatik batek unibertsitate prestakuntza zuen EAEn 2015ean

Euskal Herriko Unibertsitateko campus bat
Europa Press
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 11:29

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hamar urte eta gehiagoko biztanleen %24,5ek, hau da, 481.000 lagunek, goi-ertain edo goi mailako unibertsitate ikasketak zituen 2015. urtean. Azken 29 urteetan(1986tik), %13,5 puntuz gehitu da portzentaje hori, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundearen datuen arabera.

Halaber, 332.700 lagunek, hau da, hamar urte eta gehiagokoen %16,9k, goi mailako unibertsitate prestakuntza zuen, hots, 2014an baino %0,2 puntu gehiagok (4.000 pertsona gehiago). 1986tik, goi mailako unibertsitate ikasketak dituztenak %10 puntu pasa gehitu dira, gehikuntzarik handienetakoa izanik. Sexuaren arabera, emakumeen %17,3 eta gizonen %16,5 ziren unibertsitate ikasketadunak EAEn 2015ean.

Bestalde, 2015ean, EAEko hamar urte eta gehiagoko biztanleen %0,3 analfabetoak ziren: gizonen %0,3 eta emakumeen %0,5. Gainera, 65 urte bete bitartean, tasa %0,1 zen, eta hortik aurrera %1,0, hau da, 2014koaren aldean %0,1 puntu gutxiago. 2015ean, ikasketarik gabekoak edo eskolaurrea edo lehen mailako ikasketak besterik ez zituztenak hamar urte eta gehiagokoen %2,3 eta %33,8 ziren, hurrenez hurren, 1986tik %10,5 eta %18,2 puntu gutxiago, hurrenez hurren.

Herrialdeei dagokienez, ikasketa mailen arteko aldeak txikiak ziren. Horrela, bigarren mailako ikasketadunen portzentajerik handiena Araban zegoen, %22,8rekin, EAE osoan %21,6 izanik. Bizkaian %21,4ko portzentaeja zegoen, eta Gipuzkoan %21,5ekoa. Unibertsitate ikasketetan, Bizkaiko portzentajea %25,3 zen, Gipuzkoakoa %23,7 eta Arabako %23,0. Halaber, Gipuzkoan Lan Hezkuntza egindakoak %18,4 ziren, EAE osoan baino %1,0 puntu gehiago; Araban %17,5 ziren, eta Bizkaian %16,7.

Eskualdeka, aldeak handiagoak ziren 2015ean. Zehazki, unibertsitate mailan Plentzia-Mungia (%33,6), Donostialdea (%26,8) eta Gorbeiako Inguruak (%26,4) nabarmentzen ziren; Lan Hezkuntzan Arabako Ibarrak (%22,0), Enkarterriak (%21,1) eta Debagoiena (%20,9); bigarren mailako ikasketetan, azkenik, Bidasoa beherea (%23,9), Arabako Lautada (%23,5) eta Plentzia-Mungia (%23,3).

2014AREN ALDEAN

Bestalde, 2015ean, hamar urte eta gehiagoko biztanleen %19,9 bigarren mailako ikasketa tituludunak ziren EAEn, emakumeen %19,2 eta gizonen %20,6, eta 2014aren aldean %0,3 puntu gehiago.

Halaber, hamar urte eta gehiagokoen %19,3 unibertsitateko ikasketa goi-ertain edo ertainen tituludunak ziren (emakumeen %21,1 eta gizonen %17,3); 2014aren aldean, tituludun goi-ertainak eta goi mailakoak %0,4 puntuz gehitu ziren.

Azkenik, Lan Hezkuntza zutenak ere gehitu egin ziren, 2014ko %16,1etik 2015eko %16,3ra, eta tituludun gizonezko gehiago zegoen emakumezko baino (%19,3 eta %13,4, hurrenez hurren). Lan Hezkuntzan, hiru titulutik bi (%66,1) goi mailako prestakuntza zikloetakoak ziren.