Lee Konitz, Buika, China Moses eta Vijay Iyer Donostiako 48. Heineken Jazzaldian izango dira

Buika abeslaria
HEINEKEN JAZZALDIA
Actualizado: viernes, 8 febrero 2013 12:48

DONOSTIA, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Donostian uztailaren 24tik 28ra egingo den Heineken Jazzaldiak Lee Konitz, Buika, China Moses eta Vijay Iyer 48. edizioaren programan sartu direla jakinarazi du ostiral honetan.

Zehazki, saxo altu ezagunenetakoa eta jazzaren historian erreferentzia ukaezina den Lee Konitz uztailaren 26an izango da; jazzaren eta koplaren mugak gainditzen dituen Buika abeslariak uztailaren 27an eskainiko du emanaldia; egun berean China Moses ere arituko da, jazzaren zale askorentzat gogokoen bihurtu den ahots berrietako bat; eta Vijay Iyer pianistaren emanaldia uztailaren 25ean izango da.

Lee Konitz Chicagon (AEB) jaio zen, 1927an. Charlie Parker handiak saxo altuaren jotzaile guztien gainetik distiratzen zuenean, bere nortasunari eta doinuari eutsi zien saxofoi-jotzaile gutxietako bat izan zen. Konitzek cool jazz delakoaren jaiotzan parte hartu zuen, Miles Davisen "Birth of the Cool" lanaren grabaketa saioetan egon baitzen.

Bere taldeen liderra izan da betidanik, baina gainera, zenbait musikari historikoren ondoan jo du, eta jazzaren bilakaeran oinarrizkoak izan diren zenbait diskoren grabazioan parte hartu du, Miles Davis, Bill Evans, Charles Mingus edo Gerry Mulliganen lanetan. Gainera, beste zenbait musikari garrantzitsurekin jo izan du, esaterako Dave Brubeck, Ornette Coleman, Elvin Jones, Stan Kenton eta Gil Evansekin.

Lee Konitz lehenago ere egon da Donostiako Jazzaldian, 1978an, hain zuzen ere, Clark Terry tronpeta-jotzailearekin batera liderra zuen boskote batekin, eta 1995ean, Paul Motian bateria-jotzailearen boskotearekin.

Bestalde, Buika Ekuatore Gineako arbasoak dituen Mallorcako abeslari hau benetako errebelazioa izan da koplek eta boleroek jazzari eta espainiar musikari ekarpenik egiterik ez zutela pentsatzen zutenentzat. Kopla inork bezala abesten du, sentimendua anplifikatzen duen soul ukituarekin.

Bere lehenengo diskoa, "Buika", 2005ean plazaratu zuen, eta hurrengo urtean "Mi niña Lola" kaleratu zuen, berebiziko arrakasta lortuz 2007ko musikaren sarietan. Hirugarren diskoa "Niña de fuego" (2008) izan zen, eta "El último trago" (2009) lanarekin omenaldia egin zion Chavela Vargasi, Chucho Valdés piano-jotzaile kubatarrarekin batera. Bere diskorik berriena "En mi piel" (2011) da, eta arrakasta handia izan du, bai salmenten aldetik, bai kritikaren aldetik.

CHINA MOSES

China Moses jazzaren historiako abeslari handietako baten alaba da, Dee Dee Bridgewater-ena, hain zuzen ere, baina nortasun propio handia du. Telebistako aurkezle oso ospetsua da Frantzian, eta bertan bizi da. Abeslari eta konpositore gisa estilo ugari ukitzen ditu, eta dagoeneko diskografia zabala du, oso gaztea den arren, bost disko baititu kalean. Bere ahotsari, interpretazioari eta entzuleekin komunikatzeko duen gaitasunari esker, gaur egungo jazz-abeslarien artean lehenengo lerroan dago.

Lehenengo diskoa, "China", 1997an kaleratu zuen; jarraian, "On tourne en rond" (2000) eta "Good Lovin'" (2004) argitaratu zituen. "This One Is for Dinah" (2009) izenburukoan omenaldia egin zion Dinah Washington abeslariari, Raphaël Lemonnier piano-jotzaile frantsesarekin batera. Ondoren, jazzaren dama handi guztietara zabaldu zuten omenaldi hori, "Crazy Blues" (2012) lanarekin.

Azkenik, Vijay Iyer (pianoa), Stephan Crump (baxua) eta Marcus Gilmore (bateria) musikariek osatzen dute Vijay Iyer Trio. Vijay Iyer piano-jotzailea 2010eko Heineken Jazzaldiko aurkikuntzetako bat izan zen; Wadada Leo Smith aitzindari zuen taldean jo zuen eta, bestalde, emanaldi bat eskaini zuen, bakarka, Victoria Eugenia Klubean.

Beste musikari gailen batzuek ere erabili izan dituzte Vijayren zerbitzuak, hala nola Steve Coleman, Roscoe Mitchell, Amiri Baraka, Rudresh Mahanthappa, Oliver Lake, DJ Spooky, Amina Claudine Myers eta beste hainbatek.

2010ean, Urteko Musikaria izendatu zuen AEBetako Jazz Kazetarien Elkarteak; Echo Saria irabazi du (Grammy sariaren antzekoa, baina Alemanian); 'Downbeat' aldizkari ospetsuko kritikariek beren zerrendako lehen postuan kokatu zuten; eta haren "Historicity" diskoa 2009ko jazzeko album onena aukeratu zuen 'The New York Times' egunkariak.

Talentu ukaezineko artista hau gai da zinemarako, irratirako, antzerkirako edo telebistarako musika konposatzeko; poeta eta koreografoekin lankidetzan aritzeko; eta hip-hop, rock, musika elektroniko edota Indiako musika klasikoko musikariekin batera jotzeko, herrialde hartakoa baita, jatorriz, bere familia.