Lehen hezkuntzako 1.400 ikasle arituko dira Donostian ahozko komunikazioa eta bertsolaritza lantzen ikasturte honetan

Actualizado: viernes, 19 septiembre 2014 17:35

DONOSTIA, 19 Sep. (EUROPA PRESS) -

Guztira 9 eta 12 urte bitarteko 1.400 ikasle arituko dira ahozko komunikazioa eta bertsolaritza lantzen ikasturte honetan Donostian. "Gu ere bertsotan" izeneko proiektua Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat egokituta dago eta ahozko komunikazioa lantzea, sormena bultzatzea, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen ikasten laguntzea, komunikatzaile onak sortzea eta bertsozaletasuna piztea du helburu.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, 2007-2008 ikasturtean programa pilotu gisa hasi zenetik, ibilibide luzea egin du eta ikasturte berrian 27 ikastetxetan landuko dute, 66 taldetan. Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik egiten den programa honetan "ikusgarriak dira lortzen diren emaitzak, bertsozale ez diren irakasleak edo bertsogintza ezagutzen ez zutenak ere harrituta geratzen baitira proiektuak ahozkotasunean eta sormenaren alorrean lortzen dituen aurrerapenekin".

Programa eskola orduetan ematen da, astean behin, ordu betez, eta eskolako irakasleek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko ordezkariek elkarlanean lantzen dute programa. Hamabostean behin bertsolari-irakaslea joaten da eskola ematera eta tarteko astean eskolako tutorea arduratzen da bertsolariak agindutako lana haurrek egin dezaten.

Ikasturte osoko lanaren ostean, ikasleek ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera dute Antzoki Zaharrean ikasturte bukaeran egiten diren jaialdietan. Ikastetxe bakoitzeko ikasle talde bakoitzak bost minutu inguruko emanaldia prestatuko du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko adituaren eta ikastetxe bakoitzeko irakasleen laguntzarekin. 14 jaialdi horiek ikasleen lanaren ondorio izango dira, hau da, emanaldiko ideiak zein bertsoak neska mutilek landu eta sortu dituzte, eta eurak izango dira protagonista bakarrak.