Lehiakortasunerako inbertsioak bultzatzeko Gipuzkoako Aldundiaren deialdiak 81 proiektu lagundu zituen iaz

Actualizado: jueves, 12 enero 2017 15:36

DONOSTIA, 12 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Sailak lehiakortasunerako inbertsioak bultzatzeko 2016. urtean egindako deialdiak 81 proiektu berritzaile lagundu zituen, eta guztira 1.920.200 euro bideratu zituen adimen lehiakorra, dibertsifikazioa, elkarlana eta enpresen errotzea sustatzeko martxan jarritako laguntza lerroetara.

Hain zuzen, lurraldeko 28 enpresak adimen lehiakorra beren kudeaketa sistemetan integratzeko proiektuak martxan jarri zituzten; 17k euren produktu eta jardueraren dibertsifikazioan aurrerapausoak eman zituzten; 21ek haien sustraitzean sakondu ahal izan zuten, enpresa transmisioa ahalbidetzeko tresnak eta esparruak bultzatuz; 15ek beste enpresekin lankidetza proiektu berriak sortu zituzten, proiektu jakin batzuk eta enpresa aukera berriak garatzeko dimentsio egokia lortu asmoz.

Ildo honetan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak Ternua Group taldeko egoitza nagusia bisitatu dute ostegun honetan, Arrasaten. Bertatik bertara ezagutu ahal izan dute enpresa hau berrikuntzaren eta lehiakortasunaren alorrean egiten ari den ahalegina eta apustu berriak, Ternua Group taldeko kontseilari delegatu Jesus Anduagaren eta akzioen gehiengoa dituen familiako ordezkari Santi Lasaren eskutik.

Izan ere, Gipuzkoako Aldundiak enpresen lehiakortasuna bultzatzeko 2016an martxan jarritako deialdiari esker, Ternuak konpainiaren digitalizazioa garatzeko aukera izan du, dimentsio berriak eta nazioarteko presentziak jarritako erronkei aurre egin ahal izateko. Halaber, dibertsifikazioan sakondu eta produktu lerro berri bat sortzeko aukera izan du; hain zuzen ere, material birziklatu eta birziklagarrietan oinarritutako osagarri berriak -motxilak- diseinatu eta merkaturatuko ditu Arrasateko enpresak, laguntza lerro honi esker.

Olanok adierazi duenez, ekonomiaren susperraldia finkatu eta ekonomiaren joera positiboari eusteko, "lurralde gisa Gipuzkoak lehiakortasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustu garbia egiten du". "Horri esker azken hilabeteotan aurrera egiten ari da gure ekonomia, lanpostu berriak sortuz, gure enpresen lanari eta inbertsioei esker", gaineratu du.

Horrela, Ternua Group ahalegin horretan "eredutzat" jo du Olanok, bere "produktuen berrikuntza" eta merkaturatze eredu berriak bultzatuz lortu duelako nazioarteko merkatuetan bide berriak zabaltzea eta proiektu gisa sendotzea.