Lehorreko ugaztunen kontserbazioa eta kudeaketa aztertuko dituzte Euskadiko Naturaren III. Jardunaldietan

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 17 mayo 2013 19:54

BILBO 17 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Ihobe eta Hazi erakunde publikoekin elkarlanean, Euskadiko Naturaren Jardunaldien hirugarren edizioa antolatu dute, maiatzaren 23an eta 24an, Derioko (Bizkaia) Nekazaritza Eskolan. Topaketa horiek adituen arteko eztabaida-foro bat dira, eta lehorreko ugaztunen kontserbazioa eta kudeaketa aztertuko dituzte.

"Topaketan bereziki aztertuko dira Arriskuan dauden Espezien Euskadiko Zerrendan jasotako 30 espezieei eta Europaren intereseko espezieei buruz egindako lanak. Haien artean bisoia, muturluze piriniarra, igaraba, saguzar mota batzuk eta beste batzuk daude, hala nola basakatua, lepahoria, ipurtatsa, erbinude zuria, muxarra eta elur-lursagua", azaldu duten antolatzaileek.

Halaber, espezie horiek kontserbatzeko neurriak eta zaindu eta jarraitzeko sistemen emaitzak ere aurkeztuko dira topaketan, Biodibertsitateari buruzko Europar Batasunaren Estrategiak ezarritako esparruan, eta ehizatzekoak diren ugaztun-espezie batzuentzat egiten ari diren kudeaketa-lanak jakinaraziko dira.

Jardunaldiak maiatzaren 23an hasiko dira, 9:00etan, eta hasteko, Tragsega erakundeko Madis Podrak bisoi europarrari buruz hitz egingo du, eta ondoren, Asun Gomezek (hau ere Tragsega-koa) Arabako bisoiaren eta ipurtatsaren kontrolari buruzko hitzaldi bat emango du. Ihobeko Jabi Zabalak, berriz, espezie arrunten banaketaren eta ekologia espazialaren datuak aurkeztuko ditu.

Desma elkarteko Jorge Gonzalezek mikrougaztunei buruz hitz egingo du arratsaldean, eta haren ostean, Icarus enpresako Iñigo Zuberogoitiak amaiera emango dio egunari Bizkaiko mesoharagijaleei buruzko hitzaldi batekin.

Maiatzaren 24an, goizeko hitzaldiak saguzarrei buruzkoak izango dira, eta haiei buruz arituko dira EHUko Inazio Garin, Lide Jimenez eta Urtzi Goiti. Arratsaldean, Gestión Ambiental de Navarra enpresa publikoko Vanesa Alzagak emango du lehen hitzaldia, erbi iberiarrak Nafarroan duen egoerari buruz. Ondoren, jardunaldiak amaitzeko, Arabako Foru Aldundiko Joaquin Salcesek Gorbeiako Natura Parkeko oreinaren populazioaren kudeaketa izango du hizpide.

Contenido patrocinado