Leioako (Bizkaia) 116 lagunek lana lortu zuten iaz Behargintzari esker

Empresas, trabajador
EP/JCCM
Actualizado: lunes, 14 marzo 2011 14:53

BILBO, 14 Mar. (EUROPA PRESS) -

Leioako (Bizkaia) 116 herritarrek lana aurkitu zuten 2010. urtean Behargintza zentroaren laguntzari esker. Hauetatik 68 Behargintzak eskainitako 15 ikastaroren baten prestatuak izan ziren, ondoren praktikak egin zituzten enpresetan eta horren ondorioz kontratua lortu izan zuten. Gainontzeko 48 lagunek euren curriculumak Behargintzara eraman ostean lortu zuten lanpostua, Leioako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Aipatu iturrien arabera, banakako lana eta enpresekin egindakoa desberdindu behar da. Pertsonalki erabiltzaileei hainbat laguntza eskaintzen dizkio Behargintzak, besteak beste, informazioa, orientazioa, prestakuntza, edota enplegu programak. Ildo horretan, Behargintzak 15 prestakuntza ikastaro antolatu zituen iaz herriko langabetuei zuzenduta, eta hauetan parte hartu zuten 95 lagunetik 68k lan kontraturen bat lortu zuten. Enpresekin, ordea, enplegu eskaintzak kudeatu izan dira eta praktiketan aritzeko ikasleen datuak eman dizkie.

Halaber, Behargintzaren erabiltzaileak euren curriculumak eramaten dituzte Leioako bulegora datu basean sartzeko. Horrela, eskualdeko enpresek langileen beharrizana dutenean Behargintzara zuzentzen dira. Modu honetan, iaz 76 enplegu eskari bideratu ziren Behargintza Leioan, eta hauetatik 48 lagunek kontratua lortu zuten.

Orientazioari dagokionez, 228 gizon eta 189 emakume hurreratu ziren Behargintzara zerbitzu hau erabiltzeko. Lehenik eta behin egoera profesionalaren diagnostikoa egiten da lan merkatuaren arabera eta ondoren prestakuntza plana zehazten da, jarraipen eta laguntza eskainiz erabiltzaileari momentu oro. Aipatzekoa da erabiltzaile hauetatik 389 Estatutik eratorriak izan direla, eta 48 lagun atzerritarrak.

Behargintzak herriko enpresa sareari ere zerbitzuak ematen jarraitzen du, ekintzaile eta enpresen arteko lokarria bihurtuz herriko ekonomi jarduera sustatzeko asmoz. Egindako lanen artean Behargintzak enplegu eskaintzak kudeatu ditu, eta enpresen esku jarri ditu hainbat ikasle euren praktikak egiteko, enpresei zuzendutako ikastaro bereziak martxan jartzeaz gain.

Azkenik, Behargintza Leioak lan prospekzio ikerketa jarri zuen martxan iaz. Bertan, herriko enpresen ahuleziak eta indarren azterketa egiten da, "Leioa sareak eraikiz" izeneko proiektuaren barruan. Ikerketa honetan herriko 16 enpresek hartu zuten parte.