Leioako Ostalaritza Eskolaren V. Jardunaldi Gastronomikoak martxan daude

Actualizado: martes, 3 marzo 2015 13:08
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Leioako (Bizkai) Ostalaritza Eskolak bosgarren urtez jarraian abiarazi ditu Jardunaldi Gastronomikoak eta, martxoaren 20ra bitartean, gastronomia munduko izen esanguratsuak hurbilduko dira eskolaren instalazioetara, ikasleekin sukaldea, ezagutza eta esperientzia partekatzera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazi duenez.

   Jardunaldi Gastronomikoen bosgarren edizioak parte hartzaile kopuru zabala elkartuko du Leioan, eta, ikastaro magistralak emango dituztenen artean, Michelin izarrak dituzten jatetxeetako arduradunak ere badira.

   Egunotan jorratuko diren gaiek gastronomiari bere zabaltasunean eta esparru guztietatik helduko diote. Hitzaldi eta erakustaldien bidez, besteak beste, garagardoa, egile mermeladak, artisau mazapanak, urdaiazpiko nahiz zezina ebaketa, izozkigintza, ahatea eta bere zatikatzea, ama orez egindako ogia, whiskya, koktelgintza, ketuak, Asiako sukaldaritza, gaztagintza edo cupkakeak bezalakoak landuko dira. Ardo eta txakolin dastatzerik ere ez da faltako.

   Jardunaldiak Leioako Ostalaritza Eskolak eskaintzen dituen zikloak egiten ari diren ikasleei zuzenduta daude, hala nola Sukaldaritza, Jatetxe Arloko Zerbitzuak, Okintza-Gozogintza, Sukalde Zuzendaritza eta Jatetxe Arloko Zerbitzuen Zuzendaritza zikloetako ikasleei. Jardunaldiekin, eskolako prestakuntza aldia amaitzen dute ikasleek, lantokietako trebakuntza praktikoari ekin baino lehen.