Leioako Umore Azokak 26.000 ikusle bildu ditu, euria egin arren

"Arrakastarekin" amaitu da azoka, euria egin arren
LEIOAKO UMORE AZOKA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 20 mayo 2013 16:00

BILBO 20 May. (EUROPA PRESS) -

Leioako (Bizkaia) Umore Azoka-Kaleko Artisten Azoka ospatu da maiatzaren 16tik 19ra bitartean, eta "arrakastarekin" bukatu da aurtengo edizioa, lau egunetan zehar euria etengabea izan arren, 26.000 ikusle bildu baititu zehar. Euriaren ondorioz, herri osoan prestatutako 20 eszenatoki desberdinetan eskaini behar ziren emanaldien ordez, Sakoneta eta Kandelazubieta kiroldegiak egokitu zituzten antolatzaileek eszenatoki gisa eta bertan eta Kultur Leioako Auditoriumean batu zituzten iragarritako ekitaldi gehienak.

Umore Azokako zuzendaria den Ana López Asensiok azpimarratu duenez, "antolatzaileon eskuetan egon den guztia egin dugu ahalik eta iragarritako ikuskizun gehien mantentzeko", eta, lau egunetan zehar egindako eguraldi txarra kontutan izanda, pozik azaldu da "burututako ekitaldietan bildutako ikusle kopuruagatik". López-ek "konpainiek izan duten jarrera prestua" nabarmendu du, bai eta iragarritako saioak eman ahal izateko "une oro laguntzeko prest egon direlako".

2013ko Umore Azokak 125 emanaldi izan ditu eta, batez beste, 26.000 ikusle bildu ditu lau egunetan zehar. Ostiralean eta larunbatean bildu zen ikusle kopuru handiena, 10.000 lagun egun bakoitzean; ostegunean 4.800 ikusle gerturatu ziren agerraldietara, eta igandean, berriz, 1.200 inguru.

López-en esanetan, "kaleko agertokietan eta ordezko guneetan eskaini diren ekitaldi bakoitzera, batez bestekoa, 300 ikuslekoa izan da eta Kultur Leioako Auditoriumean eskainitako bederatzietan aretoak dituen 247 eserlekuak bete ziren".

Eguraldi txarraren ondorioz bertan behera geratutako emanaldiak bederatzi izan badira ere, Leioara gerturatutako konpainia guztiak, une batean edo bestean, beren ikuskizunak erakusteko aukera izan dute. Ostegunean ez zen Karakasa konpainiaren lana antzeztu, eta ostiralean gauza bera gertatu zen Volaquivol, Arritmados, El Gran Dimitri eta Ziya Azaziren proposamenekin. Larunbatean Karakasa eta GUPen ekitaldiak gertatu ziren bertan behera, eta igandean Tiritirantesena.

Contenido patrocinado