Leioako Umore Azokan aritzeko proposamen artistikoak aurkezteko epea bihar bukatuko da

Actualizado: jueves, 20 enero 2011 9:10

BILBO, 20 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bihar amaituko da 2011ko Leioako (Bizkaia) Umore Azokan parte hartzeko proposamen artistikoak aurkezteko epea. Maiatzaren 12, 13, 14 eta 15an ospatuko den Umore Azoka - Leioako Kale Artisten Azokan euren lana aurkeztu nahi duten artista, konpainia edota elkarteei zuzendutako deialdi irekia da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, azoka, batik bat, kalea adierazpide eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten elkarte, konpainia zein artista profesionalen taldeentzat dago zabalik.

Hautaketa prozesuan lehentasuna izango dute Espainiako azoketan parte hartu ez duten lanek, edota proposamenak estreinakoak badira, betiere, Azokako Batzorde Artistikoak behar bezala balioztatzeko denbora izan badu. Bestalde, haurrentzako zein familiarteko publikoari zuzenduriko kale antzerki muntaiak aurkez daitezke, musikalak, zirkuaren esparrukoak edo beste edozein eratako ikuskizunak ere.

Parte hartzeko interesa duten konpainia profesionalek postaz bidal dezakete Umore Azokara proposamenaren dokumentazioa (proiektua edo dosierra, fitxa teknikoa, DVDa eta harremanetarako datuak jarraian zehazten den helbidera: UMORE AZOKA - Leioako Kale Artisten Azoka

Jose Ramon Aketxe Plaza, 11-4 48940 Leioa - Bizkaia). Umore Azokako webgunean (www.umoreazoka.org) eskuragarri dago parte hartzeko baldintzei eta proposamenak bidaltzeko moduari buruzko informazio guztia.