Lekeitioko 39. Euskal Zine Bileran 32 film lehiatuko dira urriaren 16tik 23ra

Iazko edizioko sari emate ekitaldia
EUSKAL ZINE BILERA
Actualizado: miércoles, 28 septiembre 2016 14:18

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Lekeitioko Udalak Euskal Zine Bileraren 39. edizioa urriaren 16tik 22ra bitartean ospatuko da, eta, beti bezala, euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera eskainiko du. Aurtengo edizioan 50 lanetik gora jaso dira eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko: 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Lan amataurren artean, bost lanek Gazte 22 sailean parte hartuko dute.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, aurten, gainera, Euskal Zine Bilerak I. Kartel Lehiaketa egingo du, bere helburuetariko bat sorkuntza eta partaidetza sustatzea baita. Horrela, guztira 16 lan aurkeztu dira eta jadanik irabazlea aukeratu dute; irabazlearen izena eta kartela Bilboko BBK aretoan egingo den prentsaurrekoan jakinaraziko da.

Beste alde batetik, 2015eko Euskal Zine Bileran 3.000 euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren "Leihoak" lana lehen aldiz ikusteko aukera izango da. Lekeitioko Udalarekin batera, EHUren Mikel Laboa katedraren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren laguntzaz antolatzen du Euskaltzaleon Topaguneak sari hau.

Euskal Zine Bilerak betiko bi helburu ditu. Alde batetik, euskarazko lan amateurrak saritu nahi dira eta bidea egiten lagundu, eta, bestetik, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izan nahi du. Horrela, lehiaketak bi kategoria ditu, profesionalena eta amateurrena, eta egile bakoitzak sailkatzen du bere lana batean edo bestean.

SARIAK

Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600 euro eta zilarrezko antzarra dira sariak, eta amateurrean, berriz, 1.000 euro eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria, profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900 euro eta urrezko antzarra jasoko ditu, eta lan amateurrak 1.300 euro eta urrezko antzarra.

Iaz, Aitor Oñederraren "I said I would never talk about politics" irabazi zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean, berriz, Yago Mateo Velascoren "Fishura" filma izanz en irabazlea.

Halaber, Euskal Zine Bilerak 500na euroko Gazte 22 eta Antzar Morea sariak ere banatuko ditu. Gazte 22 sarira 1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako bost zinemagilek eman dute izena; iaz, Aitor Zarzuelo Landaren "Maitaleak" jaso zuen saria. Antzar Morea sariak, aldiz, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana sarituko du eta kontuan hartuko da emakumearen presentzia zenbatekoa izan den lana sortzeko prozesuan. Lekeitioko Udaleko Berdintasun Sailak ematen du saria.

Lekeitioko 39. Euskal Zine Bilerako Epaimahaikideak euskal zinemagintzarekin harremana duten profesionalak biltzen ditu, hala nola zuzendariak, antzezleak eta ekoizleak: Asier Bilbao produktore eragile eta produktore zuzendaria, Asier Hormaza aktorea, Iñaki Billelabeitia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko irakaslea, Tessa Andonegi aktorea eta Sara Cozar aktorea.