Lekeitioko 41. Euskal Zine Bileran 49 film aurkeztu dituzte lehiaketara

Lekeitioko Euskal Zine Bileraren aurkezpena, iaz, 40. Edizioan
EUSKAL ZINE BILERA
Actualizado: domingo, 19 agosto 2018 11:44

BILBAO, 19 Ago. (EUROPA PRESS) -

Aurtengo Lekeitioko Zine Bileran 49 izan dira lehiaketara aurkeztu eta jarritako oinarriak bete dituzten filmak, antolatzaileek aditzera eman dutenez. Datorren urriaren 6tik 12ra bitarte egingo dute Lekeition 41. Euskal Zine Bilera. Hain zuzen, iaz 40 urte bete zituela-eta, "aurrera pausuak emateko bideak jorratzen hasi", eta horren emaitza da, besteak beste, "aurtengo Euskal Zine Bilerako lehiaketan parte hartzeko oinarrien arautegi berria".

Zine Bilerako antolatzaileek honela diote beren webgunean: "Gaur egun ikus-entzunezko munduaren eta bertan egiten diren zinemaldi nahiz lehiaketen beharretara egokitu garen ustearekin parte hartzera animatu nahi zaituztegu Euskal Herriaren testuinguruan eta euskaraz lan egiten duzuen sortzaile, artista eta zinegileoi". Horrenbestez, ia-ia 50 izan dira parte hartzera animatu eta lehiatzeko oinarriak bete dituzten filmak.

Lehiaketan hautatuak izate hutsagatik film labur bakoitzaren egileak edo egileek 200 euro jasoko dituzte. Taldeka egindako lanen egileek zenbateko berbera jasoko dute. Film onena saritzen duen Urrezko Antzarrarekin batera, 1.900 euro jasoko dituzte irabazleek. Zuzendaritza eta Gidoi onenaren Zilarrezko Antzarrak, berriz, 1.600na euroko sari bana jasoko dute. Ikusleen saria, azkenik, 750 eurokoa izango da, Zilarrezko Antzarrarekin batera.