"Leo Harlem y sus amigos" ikuskizun komikoa izango da abenduaren 27an Donostiako Kursaal auditoriumean

Leo Harlem Donostian izango da abenduaren 27an
Kursaal Fundazioa
Actualizado: martes, 13 diciembre 2011 17:46

DONOSTIA, 13 Dic. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Kursaalek "Leo Harlem y amigos" ikuskizuna eskainiko du auditoriumean abenduaren 27an, iluntzeko 20:30ean hasita. Sarrerak aurrez erosiz gero, A eremukoek 25 euroko kostua dute eta B eremukoak, berriz, 22 eurokoa (eremu bakoitzerako sarrerak hiru euro garestiago izango dira leihatilan erosiz gero). Ticketmaster sarean (www.ticketmaster.es eta 902 15 00 25) eta Halcon Bidaiak eta Carrefour agentzietan eros daitezke.

Kursaal Fundazioko iturriek adierazi dutenez, Gabonetarako "komedia ikuskizun bikaina" da "Leo Harlem y sus amigos". Bakarrizketa edo 'stand-up comedy' bat da eta protagonista Leo Harlem du. Oraingoan gonbidatu bat izango du lagun, Sinacio izenekoa, eta ordu eta erdiz barrea eragingo dute ikusleen artean.

Leonardo Gonzalez aktore eta umorista espainiarra da. Leo Harlem ezizena hartuta, 'El Club de la Comedia' telebista programan hasi zuen ibilbidea eta, 2002an, bakarrizketen hirugarren lehiaketan finalista izatea lortu zuen.

Irratiko (Onda Cero) nahiz telebistako hainbat saiotan agertzen da, esate baterako, 'La hora de José Mota' (La 1), 'Cómicos, algo más que los mejores monólogos' eta 'El Club del Chiste' (Antena 3), 'El Club de la Comedia' saioaren denboraldi berria eta 'Sé lo que hicisteis...' (La Sexta).

Real Valladolid futbol taldearen abonatuen kanpainako irudia ere izan zen eta arrakasta handia izaten ari da Espainian "Cómicos presenta a Leo Harlem y amigos" ikuskizunarekin, beti beste artistaren bat lagun hartuta (Dani de la Cámara, Sinacio eta abar).