Lanbide Heziketako 103 ikaslek urtebeteko kontratua lortu dute industria enpresetan

Actualizado: martes, 21 julio 2015 12:57

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   HETEL Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak eta La Caixaren Gizarte Ekintzak hitzarmen bat sinatu zuten duela bi hilabete, Lanbide Heziketako (LH) ikasleentzako -batez ere erdi mailako graduetako emakumeentzako- urtebeteko 100 lan kontratu bultzatzeko, 50 enpresatik beherako industriako euskal enpresetan. Akordioari esker, azkenean, urtebeterako 103 kontratu sinatu dira HETELeko 21 ikastetxeetako LHko ikasleentzat, haietako 86 euskal enpresatan.

   LHko ikasleak hartuko dituzten enpresek 27 langile dituzte batez beste; badira bat eta bost langile bitartekoak eta 50 eta 100 langile bitartekoak ere. Enpresa horietatik 48 Bizkaikoak dira, 29 Gipuzkoakoak eta bederatzi Arabakoak.

   Ikasleei dagokienez, %67 goi mailako graduko prestakuntza zikloetan ari da eta gainerako %33 erdi mailako prestakuntza zikloetan. Gainera, kontratuen %10 emakumeentzat izango da. Kopuru hori urrun dago hasierako helburutik, baina, hala ere, Euskadiko LHn industria arloan ikasten ari diren emakumeen ehunekoa horren erdia da, HETELek eta La Caixak jakinarazi dutenez.

   Akordioaren sinatzaileek "euskal ingurune ekonomikoko espazio estrategiko bat" indartu nahi zuten alde batetik, euskal enpresen %95ek 50 langile baino gutxiago baititu, eta, bestetik, industria sektorea bultzatu, "Euskadiko ekonomiaren berregituraketa berrian funtsezko sektoretzat jotzen baita". Horrez gain, erdi mailako prestakuntza zikloetako emakumeek lehentasuna izan dute kontratuak egiterakoan, kolektibo horrek zailtasun handiagoak izaten baititu kalitateko lanpostuak aurkitzeko.

   HETELeko ikastetxe guztiek hartu dute parte programan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetako 21ek -Arabako bik, Bizkaiko hamarrek eta Gipuzkoako bederatzik-. Era berean, kontratuak euskal geografia osoan kokatutako enpresekin sinatuko dira; horrela, kontratatuek hurbil izango dute lanpostua.

   Hitzarmen horren esparrua Euskadiko 2015eko Gazteentzako Enplegu Plana da. La Caixaren Gizarte Ekintzak EAEn bultzaturiko plana da, gazteen langabeziari aurre egiteko. Planarekin gazteen kasuistika guztiak estaltzen saiatuko dira: bai ikasketarik ez dutenak, bai LH edo graduak ikasten ari direnak, aurretik lanbide esperientzia izan edo ez. Proiektuak jarraipena emango dio 2014an hasitakoari. Urte hartan, erakundeak hitzarmenak sinatu zituen hiru euskal patronalekin -Adegi, Cebek eta SEA-, EHUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin, eta antzeko helburua duten beste elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeekin ere.