Liliana Porter artista argentinarraren Europako lehen atzera begirakoa, larunbatetik Artiumen

Liliana Porter argentinarraren artelanetako bat
ARTIUM
Actualizado: jueves, 6 abril 2017 14:33

GASTEIZ, 6 (EUROPA PRESS)

Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak "Liliana Porter. Elkarrizketak eta desobeditzeak" erakusketa inauguratuko du larunbatean, apirilaren 8an, eta abuztuaren 27ra bitartean ikusgai izango du, Ipar aretoan. Artista argentinarrak Europan egiten duen lehen atzera begirako erakusketa izango da.

"Liliana Porter. Elkarrizketa eta desobeditzeak" erakusketa Artiumen eta Konpostelako Santiagoko CGAC zentroaren ekoizpena da, eta babesleak El Correo, Euskaltel, EDP Energia eta Vital Fundazioa dira.

Erakusketaren aurkezpenean azaldu dutenez, gaur egungo artegintzaren sortzaile "buruargi eta originaletako bat da" Liliana Porter. Estrella de Diego komisarioak diseinatu duen erakusketak ehun bat obra bilduko ditu, eta Porterrek "bere eskala jokoekin, ustekabeko konbinazioekin eta mundua ikusteko duen sen ironikoarekin" 1960ko hamarkadaren amaieratik hona eraiki duen unibertso sortzailea erakutsiko du.

Artista argentinarrak sorkuntza espektro "oso-oso zabala" dauka, margolaritza eta marrazkigintza, bideogintza, muntaketa, argazkigintza eta antzertia moduko diziplinekin. "Mundu berezi eta harrigarria deskribatzen du, une oro umore fin-fina, ironia adimenduna eta sotiltasun bere-berea erakusten duena", erakusketaren komisarioa den Estrella de Diego arte garaikideko katedradunak azaldu duenez.

Liliana Porter (Buenos Aires, 1941) New Yorken bizi da 1964tik. Bere lana era askotako esparru anitzekoa da, obra grafiko, marrazki eta margolaritzatik hasi, eta bideo, argazkigintza, muntaketak eta antzerkiraino hedatzen baita. Bakarkako eta taldekako mundu osoko erakusketa askotan erakutsi du bere obra eta, gaur egun, mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetan ikus daiteke, besteak beste, Londresen, New Yorken, Buenos Airesen, Washingtonen, Madrilen eta Zurichen.