"Lingua Vasconum Primitiae" eta "Erlea" aldizkariaren bi zenbaki, itsuen eskura

Ander Cornejo mutil itsuak liburuaren esaldi batzuk irakurri ditu
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 24 junio 2015 14:22

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Bernard Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae", inprimatu zen euskarazko lehen liburua, eta "Erlea" aldizkariaren azken bi zenbakiak pertsona itsuentzat edota ikusmen urritasunak dituzten pertsonentzat egokituta daude jada. Euskaltzaindiak eta ONCEk iaz sinatu zuten hitzarmenaren lehen emaitzak dira, eta asteazken honetan aurkeztu dituzte Bilbon, Akademiaren egoitzan.

   Gainera, aurkezpenaren amaieran, Etxeparek 1545ean idatzitako hitzei ahotsa jarri dizkio Ander Cornejo mutil itsuak: "Euskara, jalgi hadi kanpora". Andres Urrutia euskaltzainburuak honela laburbildu du unea: "Nik uste dut ahalik eta modurik egokienean, bete dela Etxeparek agindu ziguna, hau da, euskara mundura, plazara eramateko".

   Aipatu lanok bi euskarritan eskaintzen dituzte: Braille alfabetoan eta audio bidezko Daisy sisteman. Horiek dira, hain zuzen ere, itsuek edo ikusmen urritasuna duten pertsonek liburuak irakurtzeko dituzten bi moduak.

   Urrutiarekin batera, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak, Basilio San Gabriel ONCEko lurralde ordezkariak eta Iñigo Arbiza Komunikazio buruak egin dute aurkezpena. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere bertan izan da; izan ere, Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak "Linguae Vasconum Primitiae" liburuaren bi edizio kaleratu dituzte, lankidetzan. Horren ondorioz, euskaraz gain, hamaika hizkuntzatan irakur daiteke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz, katalanez, galizieraz, errumanieraz, arabieraz, kitxuaz eta txineraz.

   "Orain, itsuek zuzenean irakurri ahal izango dute liburua, eta hori benetan berri pozgarria da", adierazi du. Liburuak Legebiltzarreko Bibliotekan "ohorezko lekua" hartuko duela gaineratu du.

   Xabier Kintana liburuaren hitzaurregileak esan duenez, "1545ean argitaratua, mundu osoko mintzaira askotara itzulia izan da, baina oraingoan pertsona itsuentzako edizio berezia atera da ONCE erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker". "Horrela, Bernard Etxepare gure lehenbiziko euskal idazle ezagunaren idazlana, giza talde garrantzitsu baina zoritxarrez maizegi bidegabeki ahaztuxe honengana zuzenik helduko da", gaineratu du.

EUSKAL LITERATURA ZABALDU

   Euskaltzaindiak eta ONCEk lau urteko iraupena duen lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2014ko azaroan. Helburua Euskaltzaindiko katalogoetako obra batzuk Braille sistemara edota itsuek soilik erabiliko dituzten beste formatu batzuetara egokitzea zen. Emaitza ikusita, eskerrak eman ditu euskaltzainburuak eta Akademia etorkizunerako konpromisoa hartuta dagoela adierazi du, "liburu berriak ateratzen jarraituko dugulako".

   Basilio San Gabriel eta Iñigo Arbiza ONCEko ordezkariek, erakunde horrek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak duten hitzarmena ere aipatu dute agerraldian. Horren ondorioz, ONCEk 55 liburu egokitzen ditu urtean, bai Braille alfabetora, bai eta Daisy sistemara ere. ONCEko ordezkarien esanetan, "honi esker ONCEko afiliatuek euskaraz idatzitako liburuen inguruan egiten duten eskariari erantzuna ematen dio erakundeak".

   Itsuek eta ikusmen urritasunak dituzten pertsonak kulturara hurreratzea dela xedea eta, lan honi esker, ONCEk euskaraz ere hurreratu ahal izango dutela bermatzen duela azaldu dute, "kulturak, eta euskal kultura eskura izateak, normalizazioa dakarrelako".

   Hala, bada, ikusmen desgaituentzat egokitutako liburuen artean, euskarazkoen aukera handitzen da, eta horretara dator Euskaltzaindiarekin sinatu den hitzarmena. Liburu horiek jasotzeko, mailegu zerbitzuaz gain, ONCEko afiliatuek badute beste aukera, erakundearen webgunearen bidez: bertan, euren pasahitza sartuz gero, euren gailutara nahi duten izenburuak jaitsi ahalgo dituzte.

   Ekitaldian aipatu dutenez, udazkenean Akademiaren eta ONCEren ordezkariek bilera egingo dute, erabakitzeko zeintzuk izango diren Braille alfabetora eta Daisy sistemara egokituko dituzten hurrengo liburuak.