Literaldia 2014 jaialdia hasiko da Bartzelonan apirilaren 23an

Jaialdiaren kartela
Foto: BARTZELONAKO EUSKAL ETXEA
Actualizado: miércoles, 16 abril 2014 13:59

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Literaldia 2014 euskal literaturari eskainitako jaialdiak hamar urte betetzen ditu aurten, eta apirilaren 23tik maiatzaren 28ra ospatuko da, euskal literatura ezagutarazteko proposamen berriekin. Horretarako literatura, musika, dantza, erakusketak eta bestelako diziplinak jorratuko ditu jaialdiak.

   "Hamar urte betetzen dituen honetan, jaialdiak publiko katalanari euskal artista berriak ezagutzeko parada eskainiko dio. Apirilaren 23tik maiatzaren 28ra euskal literaturaren erakusleihoa izango da Bartzelona, eta beti bezala, ekitaldi gehienak doakoak izango dira, euskal kultura eta literatura denon eskuragarri egon dadin", azaldu dute antolatzaileek.

   Aurtengo edizioan, Literaldia Sant Jordi egunarekin batera hasiko da, apirilaren 23an, eta Euskadiko Idazleen Elkarteko Elena Moreno eta Manu de Ordeñana egileak izango dira Euskal Etxeak Rambletan jartzen duen mahaian liburuak sinatzen. Hurbiltzen diren irakurleek zuzen-zuzenean ezagutu ahalko dituzte bi egile hauen azken lanen nondik-norakoak.

   Horrez gain, besteak beste, Kukai dantza taldeak eta Tanttaka Teatroa antzerki konpainiak Joseba Sarrionaindiaren "Huny illa nyha majah yahoo" poesia liburuan oinarritutako "Hnuy illa" ikuskizuna eramango dute Bartzelonara, Mikel Aierbek eta Iñigo Aztizek "Hondakindegia" antzerkia, hitza eta bideoak nahasten dituen lana aurkeztuko dute, eta Aitzol Barandiaranek, Iñaki Gurrutxagak eta Julen Goikoetxeak bertso-jarri musikatuak eskainiko dituzte.