Literatura eta itzulpengintza hizpide Xabier Olarrak eta Harkaitz Canok asteartean Bilbon

Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoa
BIDEBARRIETA KULTURGUNEA
Actualizado: lunes, 13 febrero 2017 12:31

   BILBO, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

   Bilboko Udalaren "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak Xabier Olarra idazle eta itzultzailea eta Harkaitz Cano idazlea elkartuko ditu asteartean, otsailaren 14an, euskal literaturari eta itzulpengintzari buruz hitz egiteko. Topaketa euskaraz izango da eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da eserleku guztiak bete arte, eta ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren.

   Moderatzailea Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolaria izango da, eta euskaraz idatzitako euskal literaturaren inguruko zenbait gai planteatuko ditu, besteak beste, hizkuntzek argitalpenaren munduan ezartzen dituzten mugak edo betiko lan handiak eta gaur egungo "best sellerrak" euskarara itzultzearen egoera, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

   Xabier Olarra (Tolosa, 1953) Filosofia eta Letratan lizentziaduna da, Hizkuntza Erromanikoen modalitatean. Euskara eta Euskal Literatura irakasle izan da urteetan, eta Nafarroako Gobernuko itzultzaile gisa aritu da 1986tik. 1989an Igela argitaletxea jarri zuen martxan Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera.

   Hainbat egile euskaratu ditu, besteak beste, William Faulkner, Ernest Hemingway, Jean Paul Sartre, Truman Capote, F.S. Fitzgerald, Raymond Chandler, J.R.R. Tolkien, Raymond Queneau, Dashiell Hammett, Ian McEwan edo Sandor Marai. 2015ean James Joyceren "Ulyses" itzuli zuen eta horri esker 2016ko Euskadi Literatur Saria irabazi zuen, itzulpen literarioaren kategorian.

   Xabier Olarrarekin batera Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) egongo da. Zuzenbide lizentziaduna da, baina ez da inoiz horretan aritu, oso gazte zela ekin baitzion idazteari, hain zuzen, 1994an bere lehenengo poema liburua argitaratu zuenetik. Argitaratu zituen lehenengo lanak poesiakoak izan baziren ere, ondoren prosari ekin dio nagusiki, eta gaur egun euskal literatura berriaren "figura egonkorrenetakotzat" jotzen da, "argitaratzen dituen lan guztiek irakurleen artean duten harrera bikainak erakusten duen bezala".

   Euskadiko hainbat egunkaritako ohiko kolaboratzaile da, baita irrati eta telebista gidoilari ere, eta euskal eszenako zenbait kantarirekin eta artistarekin aritzen da. Birritan irabazi du Euskadi Saria: euskaraz idatzitako eleberri modalitatean "Twist" lanarekin, -Kritikaren Espainiako Sari Nazionala ere lortu zuen- eta euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura modalitatean "Orkestra lurtarrak" lanarekin.

300 EGILE

   Bilboko Udalak 2007ko urtarrilean ekin zion "Eztabaidak literaturarekin" egitarauari. Euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta saioetara 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira.

   Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin topaketarako eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, alegia, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, edota literaturaren genero batean arreta jarriz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiaren bitartez.

   Joan den urtean, Martin Olmos eta Pablo Martinez Zarracina, David Safier eta Joaquin Berges, Laura Freixas eta Anna Caballe, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutierrez eta Ines Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J.M. Mulet bikoteak aritu ziren programan.