Louise Bourgeoisen eskultura "berritzaile eta sofistikatuak", Guggenheim Bilbao Museoan

Bourgeoisen
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: viernes, 12 febrero 2016 12:43

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak "Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak" erakusketa aurkeztuko du martxoaren 18tik irailaren 4ra bitartean, "XX. mendean itzal handienetakoa" izan zuen artista frantsesak bi hamarkadetan garatutako "eskultura obra berritzaileen eta sofistikatuen adibide zabala".

   Museo bilbotarrarekin lankidetzan Municheko Haus der Kunst museoak antolatutako erakusketa honetan, ikusleek "barruko eta kanpoko munduak bereiziko dituzte" eta, kasu bakoitzean, "mikrokosmos berezi bat irudikatzen duten emozioz betetako 28 gune arkitektoniko ezagutu eta esperimentatu ahal izango dituzte". Erakusketa BBVA Fundazioaren babesari esker egingo da.

   Museo bilbotarreko arduradunek adierazi dutenez, Louise Bourgeoisen (1911, Paris - 2010, New York) ideiak eta berrikuntza formalak, besteak beste, artelanetan psikoanalisiaren eta feminismoaren inguruko nozioak txertatzea, lanen kopapena ingurumen instalazio gisa taxutzea eta antzezpenarekin lotutako formatuak lantzea, "gaur egungo artearen funtsezko elementu bihurtu dira". Horren adibide bikainak dira "Gelak". Serie hau 1986an "Artikulatutako gordelekua" (Articulated Lair) piezarekin hasi zuen artista frantsesak, eta 60 artelan berezi inguruz osatua dago.

   Bilboko erakusketa dela eta, Ietik VIra zenbatutako "Gelak" lehen aldiz elkartu dituzte 1991tik, Pittsburgheko Carnegie International erakusketan lehen aldiz bildu zirenetik. "Cell" terminoa Carnegien erakusketa hura prestatzen ari zirenean sortu zen, eta Bourgeoisentzako ingelesezko "cell" hitzak hainbat esanahi ditu, organismo bizidun baten zelula biologikoa zein espetxe edo monasterio bateko banakako ziega esan nahi baitu.