Lurralde plangintzan dituen ardatz estrategikoak azaldu ditu Jaurlaritzak Kuala Lumpurren

Contador
Arantza Leturiondo (hirugarrena ezkerretik hasita), Kuala Lumpurren
IREKIA
Actualizado 2018/02/13 12:27:17 CET

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Arantza Leturiondo Lurralde Plangintzako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren lurralde plangintzaren ardatz estrategikoak eta Garapen Iraunkorraren Helburuekiko konpromisoa azaldu ditu aste honetan Kuala Lumpurren (Malaysia) egiten ari den Munduko Hiri Foroan. Leturiondok "Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050" aurkeztu du 200 adituren aurrean, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela etxebizitzari, energiari, osasunari, enpleguari, garraioari edo industriari lotutako lurralde estrategia guztiak agenda horretan koordinatu eta txertatzea.

Halaber, Jaurlaritzako arduradunak hirian esku hartzeko beharra nabarmendu du, "bereziki kalteberatasun egoeran dauden eremuetan, identifikatutako desberdintasunak murrizteko, gizarte kohesioaren alde lan egiteko eta, era horretan, lurralde orekatua lortzeko". Hiri politiken ebaluazioa eta jarraipena egin behar dela adierazi du, administrazio guztien artean adostu beharko liratekeen lurralde adierazleak eta adierazle sozioekonomikoak identifikatuta.

Lurralde Plangintzako sailburuordeak eta Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendari Nacho de la Puertak osaturiko euskal ordezkaritza hainbat forotan parte hartzen ari da eta munduko hainbat erakundetako arduradunekin bildu da, hala nola Maimunah Mohd Sharif NBE Habitateko zuzendari exekutiboarekin edo Corina Cretu Europar Batasuneko Eskualde Politikako komisarioarekin.

Munduko Hiri Foroa Kuala Lumpurren egiten ari da otsailaren 7tik 13ra: "2030eko hiriak, pertsona guztientzako hiriak: Hiri Agenda Berria inplementatzea" goiburuarekin. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bi urtean behin antolatzen du, eta hirigintza arloko munduko biltzarrik garrantzitsuena da.

Bertan, 25.000 pertsona baino gehiago biltzen dira (profesional hirigileak, ekonomialariak, soziologoak eta abar), hiriek garapena bizkortzeko indar eraldatzaile gisa duten funtsezko zereginari buruz eztabaidatzeko. Foroak aukera ematen du hiri agendetan egindako aurrerapenak, proiektuak eta ikerketak aurkezteko, estatu eta tokiko lehentasunak eta berezitasunak kontuan hartuta.