"Lurraldea eta Hizkuntza: Alternatibak" saio irekia egingo du UEUk larunbatean Eibarren

DONOSTIA, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "Alternatibak" saio irekia egingo du larunbatean, apirilaren 29an, Eibarreko egoitzan, Markeskoa jauregian, "Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin linguistikoaren ebaluazioa" graduondokoaren baitan.

Hirigintza, feminismoa, zientzia, kultura eta ekologia moduko begirada osagarrietatik lurraldea eta hizkuntza kudeatzeko proposamenak jarri nahi dira mahai gainean. "Euskaraz bizitzeko aukerak, gogoak eta guneak zabalduko dituzten garapen eta kudeaketa ereduak bilatu eta partekatu nahi ditugu", azaldu dute UEUtik.

Saioa Markeskoa jauregian egingo da, 09:30etik 14:00etara, eta sarrera librea izango du. Hizlarien artean daude Lorea Agirre 'Jakin' aldizkariko zuzendaria, Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria, Xabier Harlouxet eta Anaiz Agirre Bizi mugimendu ekologistako kideak eta Patxi Galarraga eta Miren Vives Projekta estudioko arkitektoak.

Jardunaldia bukatzeko mahai ingurua egingo da. Azaldutako begiraden osagarritasuna bilatzen saiatuko da, eta lurraldea eta hizkuntzaren arteko lotura izango da hausnarketaren ardatz.