Lurraldebuseko 200.000. txartel bakarraren titularrak dohainik bidaiatuko du 2012ko martxoaren bukaera arte

Actualizado: martes, 8 marzo 2011 18:18

DONOSTIA, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Angel Akizu atxabaltarra izan da Lurraldebuseko 200.000. txartel bakarraren titularra eta erabiltzailea, eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak txartel bakar berezia eman dio. Txartel horrekin dohainik bidaiatu ahal izango du 2012ko apirilaren 1era arte, Lurraldebuseko autobusetan.

Aretxabaletako udaletxean egindako ekitaldian eman zaio txartel berezi hori Akizuri. Diputatu nagusiaz gain, ekitaldi horretan izan dira Iñaxio Garro Aretxabaletako alkatea, Arantza Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua eta Arkupe kultur etxeko arduraduna, Angel Akizuk 200.000. txartel bakarra eskatu zuen establezimenduaren ordezkaria, hain zuzen.

Markel Olanok adierazi duenez, "kopuru horretara iristea eta, are gehiago, kopuru hori gainditzea izan da, errepideko garraio publiko eraginkor eta iraunkor bat lortzeko xedez, lehen unetik Foru Aldundiak egin zuen apustu garbiari herritarrek eman dioten erantzun bikaina".

Gainera, Lurraldebuseko txartelarekin, lehen bidaiatik, erabiltzaile guztiei deskontuak egiteko sistema funtsezkoa izan dela gogoratu du, erabiltzaileek txartelari hain harrera ona emateko. "Urtearen amaierarako jauzi kualitatibo handia emango da, tarifa sistema bateratuko baita eta Renfeko aldiriko trenetan eta Euskotrenen Lurraldebuseko txartel bakarra erabili ahal izango baita", azaldu du.

Bestalde, Arantza Tapiak jakinarazi duenez, behar bezala prestatu eta identifikatutako Kutxako kutxazain automatikoetan kargatu ahal izango da txartela apiriletik aurrera, ohiko establezimendu eta puntuetaz gain. Horrez gain, internet bidez ere kargatu ahal izango da ordenagailu pertsonaletik eta, beraz, "txartel bakarraren erabiltzaileek etekin zuzena aterako diote". Gaur egun, 203.704 txartel daude indarrean eta, urtarrileko datuen arabera, egindako bidaia guztien %73 txartel horiekin ordaindu ziren.

Lurraldebuseko herriarteko autobusen konpainiek 19 milioi bidaiari baino gehiago (19.021.095) eraman zituzten linea desberdinetan azken 12 hilabeteetan, 2010eko otsailetik aurtengo otsailera, hain zuzen.

Mugikortasuneko arduradunak datu horien berri ematerakoan esan duenez, agerian gelditu da jendearen aldetik "harrera ona" duela Lurraldebusen diharduten enpresek egunero-egunero eskaintzen duten zerbitzu publikoak; izan ere, 200 autobus erabiltzen dira Gipuzkoako udalerriak lotzeko, eskualdeetako herri nagusiak elkartzeko, eta horiek eta Donostia, Bilbo edo Gasteiz komunikatzeko.

ZERBITZU BERRIAK

Halaber, Tapiak jakinarazi du zerbitzu berriak jarriko direla martxan Arrasate eta Mutrikutik Bilbora, zerbitzu berri horiek arautuko dituzten bi hitzarmen gaur bertan Diputatuen Kontseiluak onartu ondoren.

Linea berri horiek martxan jartzeko akordio bat lortu zen Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien artean. Arantza Tapia diputatuak eta Pilar Ardanza Bizkaiko diputatuak laster sinatuko dituzte hitzarmen horiek, bi lurraldeetako Batzar Nagusiek berretsi ondoren.

Horrela, A3923 linea, abiapuntua eta helmuga Elorrion zituena, Arrasatera iritsiko da, eta lehen Ondarroaraino iristen zen A3916 linea, berriz, Mutrikuraino iritsiko da. Bizkaibusek kudeatuko ditu bi ibilbide horiek.

Tapiak aurreikusten duenez, linea berri horiek apirilaren amaieran edo maiatzaren lehen egunetan hasiko dira martxan eta sei bidaia egingo dituzte Arrasate, Elorrio, Durango eta Bilbo artean autobidetik, eta hiru bidaia Mutriku, Ondarroa, Markina,Ermua eta Bilbo artean autobidetik.

Akordio hau indarrean egongo da 2012. urtearen amaiera arte eta modu automatikoan luzatu ahal izango da urtebeteko aldietan. Lineak abian jartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak 142.100 euro jarriko ditu bi urte hauetan, herri hauetara luzatzea suposatzen duen kostua ordaintzeko.