Lurrikaren garrantzia aztertu dute ekaineko "Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkarian

Lurrikarak aztergai ekaineko "Elhuyar" aldizkarian
ELHUYAR FUNDAZIOA
Actualizado: viernes, 10 junio 2011 17:59

BILBO, 10 Jun. (EUROPA PRESS) -

Lurrikarak ditu hizpide ekaineko "Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkariak. Lurrikarak gertatzen diren unean suntsipen handia eragiten dute, baina, hala ere, denbora-eskala handiagoan, habitat-aberastasuna handitzen laguntzen dute mugimendu tektonikoek. Lurrikaren eta, oro har, jarduera tektonikoak duen beste alderdi horri buruz jarduten du ekaineko "Elhuyar Zientzia eta Teknologia zenbakian".

"Izan ere, tektonikarik gabe, plaken etengabeko mugimendurik gabe, bestelakoa izango zatekeen paisaia, eta bestelakoak bizidunak; areago, bizia bera garatzeko kondiziotzat jotzen da jarduera geologikoa", azaldu dute Elhuyar Fundaziotik.

Bestalde, Cosima Dannoritzer "Comprar, tirar, comprar" dokumental arrakastatsuaren egilea, zahartzikapen programatuari buruzko analisia egiten du ekaineko zenbakian.

Beste erreportaje hauek ere landu ditu aldizkariak, hala nola "iSare, etorkizuneko sare elektrikoaren enbrioia", "Genetika medikuntzaren zerbitzura" edo "Benetako janari afrodisiakoak". Gainera, ohiko ataletan, gai hauek landu ditu aldizkariko erredakzio-taldeak: "Mundu digitala" atalean, bideojokoen industria; "Mundu ikusgarria" deritzonean, munduko hamar baso mehatxatuenak; "Liburutegia" atalean, "Hilezkortasunaren bila", eta "Gai librea" atalean, arnas aparatuko gaixotasunak ikertzeko irudi-teknika berriak.

"Elhuyar Zientzia eta Teknologia" aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.