Madrilgo 150 lagun inguruk ikasi ahalko dute euskara Eusko Jaurlaritzarekin sinaturiko hitzarmenari esker

Actualizado: jueves, 1 diciembre 2011 17:50

BILBO, 1 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza gaur hasi da Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen Madrilgo Euskal Etxean, bertako ordezkariekin sinatutako diru-laguntza hitzarmenaren bidez. Laguntza horren bidez 150 lagun inguruk ikasi ahalko dute euskara eta guztira 2.000 eskola-ordu inguru finantzatzea aurreikusten da.

Euskara eskolan bi esparru bereizten dira. Batetik, beheko mailak; horietan ikasle gehienak madrildarrak dira eta euskararekiko nahiz euskal kulturarekiko jakin minak jota ari dira euskara ikasten. Bestetik, goiko mailak daude; horiek, gehienak euskal jatorrikoak edo Euskal Herrian familiartekoak dituztenak dira.

Arrazoi ezberdinek eraginda ari dira Euskal Etxeko ikasleak euskara ikasten. Batzuk, euskal jatorria dutelako edo arrazoi sentimentalek eraginda; beste batzuk, euskara berezia iruditzen zaielako eta hizkuntzaren inguruko jakin-min izugarria dutelako; eta badira euskara ikasten zebilen norbait ezagutu eta haren eraginez, gozatzeko helburu nagusiarekin, dabiltzanak ere. Horietako asko jubilatuak dira, umetan Madrila bizitzera joan eta euskara ahaztutakoak.

Halaber, tartean badira atzerritarrak ere, Nobuko japoniarra esaterako, edo Moskura itzuli berri den Natalia Litvina, baina bertatik Moddle bidez euskara ikasten jarraitzen duena Madrilgo Euskal Etxearekin kontaktuan.

Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo Euskal Etxeak sinatu duten hitzarmenaren helburua da 2011/2012 ikasturterako Madrilgo Euskal Etxearen egitasmoak burutzeko oinarriak finkatzea. Irakasle-taldearen trebakuntza dela eta, HABEk eta Madrilgo Euskal Etxeak adostuko dute trebakuntza-plana, eta bideratzearen ardura HABEk bere gain hartuko du. Era berean, HABEren ardura izango da irakasle-taldea eguneroko lan jarduna bideratzeko beharrezkoa duen oinarrizko materialez hornitzea.

Autoikaskuntza programen (BOGA) egikaritzeari dagokienez, HABEk, Euskal Etxearen eskaria aztertu ondoren, zerbitzu hori martxan jartzeko proposamena eta baliabideak eskainiko dizkio. Jasotako diru-laguntzaren trukean Madrilgo Euskal Etxeak euskara-eskolak ematea ahalbidetuko du, euskara autoikaskuntza bidez ikasteko sistema informatikoak bermatuz.

"EUSKARA MUNDUAN"

Euskararen irakaskuntza eta ikaskuntza nazioartean bultzatzeko helburuarekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta HABE elkarrekin aurrera eramaten ari diren "Euskara Munduan" programaren barnean txertatzen da gaurko hitzarmena.

Programa honen helburu nagusia da atzerriko euskara eragileei, bereziki euskal etxeen inguruan antolatuta daudenei, euskararen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetara bideratuta dauden jardueretan laguntzean. Horretarako irakasleak trebatzeko programak haien eskura jartzen ditu HABEk. Ikasmaterial berezituak sortzen ditu, bai eskoletarako, baina baita on-line ikasteko ere, eta jarduera diruz laguntzen du.

Hitzarmena sinatu ostean, Auzmendi euskararen inguruko datuak ematez gain, "Euskara Munduan" programaren gaineko hitzaldia eman die Madrilgo Euskal Etxeko kideei. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu duenez, guztira 230.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak nazioartean emango diren euskara eskolak diruz laguntzeko. Auzmendiren esanetan, gainera, ez da ahaztu behar azken urteotan mundu zabalean handitu egin dela euskararenganako jakin-mina.

Horren ildora, gero eta gehiago dira euskara eta euskal gaiak lantzeko interesa erakutsi duten unibertsitateak eta ikastegiak. "Momentu honetan bertan munduko lau kontinentetako 23 herrialdetako 65 euskal etxetan 2.500 helduk eta 1.500 haurrek baino gehiagok ikasten duten euskara. Gaineraz, munduko 23 unibertsitatetan euskara ikas daiteke", azaldu du.

Madrilen gaur ospatu duten Euskararen Nazioarteko Egunarekin amaitzeko bertso-afaria egingo dute Euskal Etxean bertan Julen Zelaieta eta Unai Gaztelumendi bertsolariekin.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza gaur hasi bada ere Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunekin, hurrengo egunetan ere jarraituko du. Horrela, ostiralean euskararen aldeko pilota jaialdia jokatuko da Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 22:15ean. Xala eta Barriola Irujo eta Laskurainen aurka ariko dira eta partida hasi aurretik euskararen aldeko manifestua irakurriko dute.

Horrez gain, datorren larunbatean Bilbon, Donostian eta Gasteizen ospatuko diren hainbat ekimen diruz lagundu ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.

Auzmendirentzat abenduaren 3a ez ezik "egun guztiak" dira euskararenak. "Hala ere, pozik nago Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko aldarrikapena Euskadiko instituzio guztiok bat eginda aldarrikatuko dugulako", gaineratu du.