Maiatzaren 31n amaituko da Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren 24. edizioan izena emateko epea

Europa Press País Vasco
Actualizado: domingo, 27 mayo 2012 15:51

BILBO 27 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteen Gaietarako Zerbitzuak antolatzen duen Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren 24. edizioan izena emateko epea bukatzeko astebete falta da, maiatzaren 31 baita azken eguna.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek -1977ko urtarrilaren 1etik 1994ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako gazteek- osatutako musika talde europarrentzat da lehiaketa. Taldeen lanak sustatzea eta zabaltzea da helbueua, baita Estatuko eta nazioarteko beste talde batzuekin eszenatokian jardutea ere.

Parte hartzeko eskabidea www.bilbao.net/bilborock web-orriaren bidez egin daiteke, eta eskabidearekin batera honako hauek ere bidali behar dituzte taldeek: hiru kanta, mp3, ogg edo wma formatuan; argazki bat jpg, bmp edo png formatuan; taldearen historiala doc, docx, odt edo pdf formatuan.

Halaber, parte hartu nahi duten taldeek baldintza hauek bete beharko dituzte: disko bat baino gehiago ez izatea kontratu diskografiko bati lotua; Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren aurreko edizioetako edozein modalitatetan lehen saria irabazi ez izana; konposizioak jatorrizkoak izatea (antolatzaileek eskatuz gero, lehiatzaileak egilea bera dela frogatu beharko du).

Hiru modalitate daude: Pop Rock, Metal eta Beste Joera Batzuk. Taldeek modalitate bakar batean eman behar dute izena. Dena dela, antolatzaileek egoki iritziz gero, taldeek parte hartzeko beste modalitate batean sartzeko eskubidea izango dute.

Lehiaketak hiru fase izango ditu. Lehenengoan, izena eman duten taldeetatik epaimahaiak 38 talde aukeratuko ditu, bigharren fasean parte hartzeko, modalitateen arabera honela banatuta: 24 talde Pop Rockekoak, hamar Metalekoak eta lau Beste Joera Batzuetakoak. Dena dela, epaimahaiak alda dezake banaketa hori.

Lehen fasean aukeratutako taldeek zuzenean joko dute Bilborock aretoan, irailetik azarora bitartean, eta kontzertuak doakoak izango dira. Fase honetan, epaimahaiak honako hauek aukeratu behar ditu: Pop Rockeko hiru talde, Metaleko hiru talde eta Beste Joera Batzuetako bi talde. Azken fasean, gelditu diren talde horiek kontzertu finaletan joko dute.

Lehiaketaren bigarren eta hirugarren faseetan parte hartzen duten taldeek laguntza ekonomiko bat jasoko dute Bilbora etortzeko eta bertan jotzeko gastuetarako.

Epaimahaiaren osaketa fasearen araberakoa izango da: lehen eta hirugarren faseetan musikaren arloko profesionalek osatuko dute epaimahaia; bigarren fasean musikaren arloko profesionalek, musikari loturiko gazte ez profesionalek eta kontzertuetako entzuleek osatuko dute.

Lehiaketaren bigarren fasea hasi aurretik, sailkatutako taldeek jabego intelektualaren euren eskubideak defendatzen dituen erakunderen batean erregistratuta badauzkate euren abestiak, horren berri eman beharko diete antolatzaileei.

SARIAK

Sariei dagokienez, Pop Rock eta Metal kategorietako irabazleek 5.000na euro jasoko dute, eta Beste Joera Batzuetakoak, aldiz, 2.700 euro. Halaber, Pop Rock eta Metaleko bigarrenek 2.500na euroko saria jasoko dute, eta bi kategoriertako hirugarren sailkatuek, 1.000na euro. Bestalde, lehenengo aldiz emango zaio 1.000 euroko saria lehiaketan ustekabeko maila eman duen talde gazteari.

Horrez gain, sari hauek emango dira: "Bilbao Hiria" saria Bilboko talderik onenarentzat (emanaldia Bilborock aretoan); "Aste Nagusia" saria Bilboko rock talde talderik onenarentzat eta Bizkaiko talderik onenarentzat (emanaldia 2013ko Aste Nagusian, Bertako Rock taldeentzako eszenatokian). Epaimahaiak eman gabe utz dezake edozein sari eta oinarrietan azaltzen ez diren bestelako sariak ere eman ditzake (www.bilbao.net/bilborock).

Contenido patrocinado