Makineria berria erabiliko da Zornotzan garbiketarako eta hondakinak biltzeko eta zerbitzua auzo gehiagotara helduko da

Actualizado: martes, 11 enero 2011 15:25

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Abenduaren 1etik abian da Zornotzako (Bizkaia) garbiketarako eta hondakinen bilketarako zerbitzu berria. Makina berriak erabiltzen hasi dira, eragingarriagoak eta higienikoagoak, eta, besteak beste, Arraibi eta Forjas Izar auzoetara ere iritsiko da, Zornotzako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Zerbitzuaren esleipenduna Cespa enpresa izango da zortzi urtez. Beste bi urtez luzatu ahalko da kontratua eta bi milioi euroko zenbatekoa dauka. Bitarteko mekanizatuak eta langileak uztartuko dira zerbitzuan, inguru bakoitzeko beharrizanen arabera. 25 langilek jardungo dute udalerriko garbiketarako zerbitzuan.

Neurri ezberdinetako hiru ekortzaile berri gehitu dira hiri-garbitasunean. Funtzionalagoak eta erabilera anitzekoak ez ezik, zarata gutxiagokoak ere badira. Eskuz ekortzeko ekipoak eta makineriaren zamaketa-lanetarako ibilgailuak ere berritu dira. Gasen emisioa neurri handi batean gutxiturik, ekologikoagoa den GLP (Petrolioaren Gas Likidotua) darabilte ibilgailuok erregai. Egunero egiten den zerbitzua da, asteburuak barne, 6:00etatik 13:00etara.

Ura erabilita bideen garbiketa lanak egiten dituen kamioi berria ere badago. Zerbitzu hau gauez ematen da (22:00etatik 5:00etara). Zerbitzu horren osagarria da espaloiak eta bideak urez garbiturik egunez egiten den lana.

Espaloiak garbitzeko bi hidrogarbilgailu gehitu dira. Ekorketa eta garbitze-lanak egiten dituzte ibilgailu horiek, eta presio handiko ur-sistema daukate, behegaineko zikinkeriak erauzten dituena, txikleak bezala bertara atxikita egon arren. Hiri-garbiketarako zerbitzua Arraibi eta Forjas Izar auzoetara ere iritsiko da, eta pintadak eta kartelak kentzeko ekipamendu berezia daukan ibilgailu berria ere badago.

Bestalde, Herriko Plazako iturri berriaren, Gure Kirolak gunean ezarriko diren bi iturrien eta Aita Roman Urtiaga parkeko eta Jauregizaharreko iturrien garbiketa sakona gauzatuko da hiru hilerik behin.

Orain arte egin izan diren zerbitzuei ere eutsi egingo zaie, honako guztiak barne: igandeetako azoka, ospakizun eta ekitaldi bereziak, herriko eta auzoetako jaiak; paperontzien garbiketa eta mantentze lanak, txorkoak, eskailera eta arkupeak, herri ikastetxeetako patioak, kirol-guneak; txakur-kakak eta hondakin guztien bilketa eta lekualdatze lanak.

HONDAKINAK

Hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzua hirigunean 22:00etatik 5:00etara burutuko da, albotik zamatzeko kamioi berri batekin.

Era berean, atzetik zamatzeko edukiontziak berritzeko prozesuari ere ekingo zaio: lehenik eta behin, hiriguneko edukiontzien %50 berrituko dira urtarrilaren 17an hasita. Ondoren, beharrizanen arabera, gainerakoak berrituko dira, edukiontzi guztien %100 berritu arte.

Oraingoen ezaugarri berberak izango dituzte edukiontzi berriek: metal grisezkoak izango dira, 3.200 litrokoak eta Zornotzako Udaleko ezkutuarekin.

Halaber, "nabarmen" areagotu da biltze-esparrua auzoetan. Horrela, lehen heltzerik ez zegoen baserri-inguruetara ere iritsiko dira ibilgailuak, Urumin Aldana, Ergoien, Garitondo, Marabi, San Pedro, Arazotza, San Bartolome, Autzagane, Epalza, Alakao, Arrinda, Urumin, Derandein, Dudagoitia, San Miguel, Orobio eta Bernagoitia kasu. Atzetik zamatzeko kamioia gehitu da zerbitzu hori eman ahal izateko.

Auzoetako edukiontziak ere berritu egingo dira, kamioi berria etortzen denerako, beharrizanen araberako kapazitatearekin. Ordutegia 6:00etatik 13:00etara da.

Bestalde, Cespa, zerbitzu berriaren bitartez, paperak eta kartoiak biltzeaz arduratuko da. Horretarako albotik jasotzen dituen kamioia erabiliko da. Horri esker, azkarrago eta era garbiagoan bilduko dira honelako hondakinak, eta bilketa egunero egingo da. Estalki urdinak dituzten edukiontzi gris guztiak aldatuko dira, eta enpresa esleipendunak lurpeko edukiontzien sistema aldatuko du, kamioi honek erabiltzeko moduko jasotze-mekanismoa ezarrita. Hobien garbiketa eta mantentze lanen ardura ere berea izango da.

Altzariak eta pilak jasotzeko zerbitzuan ez da aldaketarik izango. Astearteetan izango da, eguneko ordutegian, eta zerbitzuotarako ibilgailuak berritu egin dira.

Gainera, saneamendu sareak garbitzeko xurgatze eta bultzatze kamioia gehitu da. Estolden barruko ikuskapenerako eta sarearen mantentze-lanetarako telebista sistema dauka eta horri esker errazago desegingo dira buxadura puntualak.

Azkenik, udalerriko desinfekzio, arratoi hiltze eta intsektu-kentze zerbitzuei dagokienez, garaiko kanpainei eutsiko zaie (udaberria eta udazkena) eta hileroko mantentze-lanak gehituko, pozoi-banaketa eta marraskarien antzemate-lanak gauzaturik. Era berean, arreta emango zaie partikularren abisuei eta ikastetxeetako lau hileroko kanpainak burutuko dira.