Mamarigako tunelak egokitzeko lanak datorren astelehenean hasiko dira

Pradales eta Barkala
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado 2018/09/14 17:58:44 CET

Lanek 2019ko maiatzaren amaierara arte iraungo dute, eta Bizkaiko Aldundiak 5.868.474 euroko inbertsioa egingo du

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Mamarigako tunelak egokitzeko lanak datorren astelehenean hasiko dira, irailaren 17an, N-644 errepidean, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuak konpromisoa hartu dute lanok bizkortzeko eta garraio berezien zirkulazioa kudeatzeko beharrezko diren neurri eta baliabide guztiak ezartzeko, ahalik eta gutxien eragiteko zirkulazioari eta uneoro bermatzeko porturako sarbidea erabilgarri egongo dela eta portuak bere lehiakortasuna gordeko duela. Aurreikuspenen arabera, lanek 2019ko maiatzaren amaierara arte iraungo dute, eta Bizkaiko Aldundiak 5.868.474 euroko inbertsioa egingo du.

Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak eta Ricardo Barkala Bilboko Portuko presidenteak eman dute konpromisoaren berri. Bi agintariek jakinarazi dutenez, bi erakundeek eta zenbait hilabetez obren eragina jasan duten zenbait eragilek neurri batzuk zehaztu dituzte elkarrekin, N-644 errepideko zirkulazio orokorraren gaineko eragina murrizteko eta, bereziki, Bilboko Portua jatorri edo helmuga duten garraio berezien gainekoa txikitzeko. Zehazki, lanak bizkortzea erabaki da, eta trafikoa kudeatzeko sistema bat abiatzea, garraio berezien zirkulazioa normalizatzen laguntzeko.

Izan ere, halako garraioak estuki loturik daude Bilboko Portuaren lehiakortasunarekin, batez ere, portuarentzat estrategikoak diren industria jarduerekin eta, bereziki, off-shore haize sektoreari loturikoekin.

Mamarigako tunelak 1990an hasi ziren funtzionatzen, eta gune estrategikoa dira Bizkaiko foru errepideen sarean. Egunero, 17.000 ibilgailu pasatzen dira bertatik, portura zein Zierbena eta Santurtzira heltzeko. Proiektua, beraz, "funtsezkoa" da azpiegitura hori modernizatu eta bere bide segurtasuna hobetzeko, Bizkaiko ekonomiaren motorretariko baterako sarbide nagusia baita errepide tartea.

ZORTZI HILABETE

Lanak gauez bakarrik egitea ezinezkoa denez, lan txanda gehiago egingo dira eta giza baliabide eta baliabide material gehiago jarriko dira, lanen eraginek ahalik eta gutxien iraun dezaten. Horren ondorioz, tunelen hodietako bat ixtea dakarten lanak sei hilabetean amaituko omen dira, gutxien jota, eta lan guztiak amaitzeko epea, berriz, zortzi hilabete izango da, eta ez 14, hasieran aurreikusi zen moduan.

Horrez gain, tunelen hodietako bat zirkulaziorako itxita dagoen hilabeteetan, seinalatze sistema bat ezarriko da, semaforoekin, portutik ateratzen diren garraio bereziei bide emateko. Egunez, bi aldiz gertatuko da hori (goizez eta arratsaldez), eta gauez, behin, irteteko zein sartzeko, astelehenetik ostiralera. Trafikoa horrela kudeatuta, lanak egin ahal izango dira, eta, aldi berean, eraginik txikiena jasoko dute garraio bereziek eta N-644 errepidearen erabiltzaile arruntek.

BIDESAREA

Bidesarea planaren barruan sartzen dira Mamarigako tuneletako lanak, alegia, foru errepideen sarea hobetu, modernizatu eta segurtasun handitzeko egitasmoaren barruan. Proiektuak honako arlo hauetako aldaketak zehaztu ditu: trazatua, iragazgaizpena eta drainatzea, oinarrizko egitura (bide zoruak, egitura estaldura, estaldura estetikoa, segurtasun langak eta drainatze sistema) eta segurtasun egitura (argiak, seinaleak, instalazioak, suteen kontrako babesa, megafonia).

Egingo diren jarduketa eta hobekuntzen artean, nabarmentzekoak dira LED teknologia duen argiztapen sistema berri baten instalazioa, haizagailu berriak, megafonia sistema eta argiztapen eta aireztapenaren kontrol sistema. Gainera, su-detektagailu gehiago jarriko dira, kable guztiak aldatuko dira eta barruko kamera berriak instalatuko dira.

Lan horiei guztiei esker, Mamarigako tunelek bat egin ahal izango dute Bizkaiko araudiak ezartzen dituen segurtasun neurri moderno eta zorrotzenekin.

Contador