Manuel Iradier Abesbatzak jasoko du Arabako Domina, bere 50. urteurrena dela eta

Actualizado: martes, 22 marzo 2011 18:52

GASTEIZ, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Manuel Iradier Abesbatzak jasoko du aurten Arabako Domina, Xabier Agirre diputatu nagusiak proposatu ondoren, Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur hala erabaki ondoren. Araba eta bere balioak sustatzen lagundu izanagatik eta 50 urtetan egin duen ibilbidea aintzatesteko jasoko du saria.

Izan ere, abesbatzak bere 50. urteurrena ospatzen du aurten, hau da, "50 urte eman dute Gasteizko eta Arabako kultura, tradizioa eta historia ezagutarazten mundu guztian zehar, bai eta gure kulturarekiko maitasuna transmititzen ere, abesbatzak interpretatutako abesti bakoitzaren bidez", adierazi dute foru erakundetik.

Urte horietan guztietan, 3.000 kontzertu baino gehiago eman ditu Manuel Iradier Abesbatzak Arabako ia herri guztietan, eta munduko antzokirik eta auditoriumik onenetan.

Horregatik guztiagatik, Diputatuen Kontseiluaren iritziz, Manuel Iradier Abesbatzak Arabako Foru Aldundiak eman dezakeen ohorezko saririk handiena merezi du, Arabako Foru Aldundiaren Ohore eta Gorazarre Arautegia onartzen duen apirilaren 8ko Kontseiluaren 23/2008 Foru Dekretua aplikatuta.

Apirilaren 19an emango zaio Arabako Domina Manuel Iradier Abesbatzari, Gasteizko Principal Antzokian. Ekitaldia San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Mariaren pregoiarekin batera egingo da; Gasteiz Big Band taldeak irakurriko du pregoia.