Manuel Salaverria da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren presidente berria

Manuel Salaverria
INNOBASQUE
Actualizado: jueves, 23 noviembre 2017 18:36

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendaritza batzordeak aho batez onartu du ostegun honetan Manuel Salaverria Monfort erakunde publiko-pribatuko presidente gisa. 2013tik Innobasqueko presidente izan den Alberto Garcia Erauzkin ordezkatuko du, berrikuntza arloko agentziak jakinarazi duenez.

Ordezkapen honekin osatu eta burutu da Garcia Erauzkinek eta aurreko zuzendari nagusi Txema Villatek bultzaturiko ondorengotza prozesu ordenatua. Villatek hamar urte zeramatzan zuzendaritza nagusian, eta Garcia Erauzkinek lau presidentetzan, eta bien ordezkapena 2017an zehar planifikatu da, Innobasqueren gobernu organoekin koordinazioan.

Lehen urratsa 2017ko maiatzaren 1ean egin zen, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusi izendatu zenean, eta bigarrena, presidentetzan aldaketa, ostegun honetan gauzatu da, Manuel Salaverriaren izendapenarekin.

Karguan bere aurretik izan diren Pedro Luis Uriartek (2007-2009), Guillermo Ulaciak (2009-2013) eta Alberto Garcia Erauzkinek (2013-2017) egindako lana goretsi du Salaverriak, eta ardura eta egindako ekarpen esanguratsuak aitortu dizkie. Halaber, esker ona azaldu dio erakundearen zuzendaritza batzordeari, Innobasqueren buru izateko berarengan jarri duen konfiantzagatik.

Salaverriak berrikuntzaren arloan duen konpromisoa eta eskarmentu profesional handia balioetsi ditu zuzendaritza batzordeak, Innobasqueren etapa berrirako oso egokiak, eta, bere aurrekoen kasuan bezala, Garcia Erauzkin Innobasqueko ohorezko bazkide izendatu dute.

MANUEL SALAVERRIA

Manuel Salaverria (Donostia, 1956) Euskaltel Taldeko Marketin Korporatiboko zuzendaria da. Ibilbide luzea du euskal I+G arloan eta izaera berritzailea duten industria, teknologia eta zerbitzu enpresetan.

Zientzia Fisikoetan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean eta Enpresa Zuzendaritzan Masterra du Deustuko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Basque Industry 4.0 Pilotatze Taldeko zuzendari betearazlea da.

Tecnaliako batzorde betearazleko kidea da 2011tik eta Tecnaliako Estrategia batzordeko lehendakaria 2016ko azarotik. Aurretik, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Klusterreko (Gaia) lehendakaritza izan zuen 2012 eta 2016 artean.

Bere ibilbidearen hasiera zientzia eta teknologiaren eremuan garatu zen, lehenik irakasle-ikertzaile gisa Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta handik enpresaren eremura, makina-tresna egiten duen DYE enpresako I+G arduradun gisa eta gero ITPn Informazio Sistemetako zuzendari eta Logistikako zuzendari gisa.

1997ko abenduan Euskaltelen sartu zen eta ordutik lehen mailako hainbat karguta egon da, Sistemak, Negozioa, Estrategia, Berrikuntza, Galiziako R enpresako zuzendaritza edo Marketin Korporatiboa arloetan.