Marco Bergerren "Mariposa", III. Sebastiane Latino sariaren irabazle

Actualizado: martes, 21 julio 2015 13:48

   DONOSTIA, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

   Marco Berger zinemagile argentinarraren "Mariposa" filmak Sebastiane Latino III. Saria jasoko du 63. Donostia Zinemaldian eta Zabaltegi sailean emango dute. Sariak lesbiana, gay, transexual eta bisexualen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen aurreko urtean estreinatutako Latinoamerikako film luze bat aintzatestea du helburu.

   Sebastiane Latino sariak sexu eta genero aniztasuna ondoen ordezkatzen duen filma aintzatesten du, aurreko urtean estreinatua betiere. "Sari honek primeran islatzen du aurten 16 urte beteko dituen Sebastiane sariak eta Donostia Zinemaldiak Latinoamerikako ekoizpenei ematen dieten babesa", arduradunek adierazi dutenez.

   Mosu honetan, Sebastiane Latino III. Sariaren epaimahaiak erabaki du 2015eko aintzatespena Marco Bergerrek zuzenduriko Argentinako "Mariposa" filmarentzat izatea. Epaimahaiak azpimarratu du "hasierako erabaki batek sortuko lituzkeen balizko bi egoeren istorioa kontatzeko eginiko gidoiaren eta muntaketaren egitura zorrotza".

   Era berean, Berger bera ere saritu nahi izan du, "bere nortasun markari eusteagatik". "Izan ere, marka horrek eragin du Berger Argentinako queer zinemaren adierazleetako bat izatea, eta horren bitartez lortu du sortzaile honek naturalismoa eta fantasia elkargurutzatzen diren giroa irudikatzea, gogorarazita edozer errealitatetan azalera daitezkeela tentsio sexuala, aitortu ezin diren desioak eta beldurrak".

   "Mariposa" filman lehen aldiz eman zaio protagonismoa neska batek eta mutil batek osatutako bikoteari. Istorio koral eta korapilatsua da, lehenengo maitasun bat ere intzestu-harreman bat izan daitekeena; gay maitasunezko istorio bat da, bizitasunez eta umorez betea. Sari honen bitartez, epaimahaiak eskerrak eman nahi izan dizkio Marco Bergerri, "naturaltasuna aukeratu izanagatik publikoak filmarekin konektatzea errazteko elementu filmiko gisa".