Marcos Navarro eta Maddi Martinez de Murguia, 51. Heineken Jazzaldiko kartelaren egileak

Kartel irabazlea
MARCOS NAVARRO/MADDI MARTINEZ DE MURGUIA
Actualizado: miércoles, 17 febrero 2016 11:17

   DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

   Marcos Navarro eta Maddi Martinez de Murguia dira uztailaren 20tik 25era Donostian ospatuko den 51. Heineken Jazzaldiko kartel lehiaketa irabazi duen kartelaren egileak. Guztira, 301 kartel aurkeztu dira lehiaketara, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   Marcos Navarro, 29 urteko bartzelonarra, Donostian bizi da gaur egun. Ilustratzaile 'freelance' gisa lan egiten du ehungintza diseinuaren sektorean eta, aldi berean, ilustrazio pertsonalagoak egiten ditu. Maddi Martínez de Murguía 28 urteko donostiarrak Bartzelonan egin zituen ikasketak, Elisava diseinu eskolan, eta diseinatzaile grafiko gisa lan egiten du Donostian.

   Kartel irabazleak 1.200 euroko saria jaso du eta milaka pertsonak beren diseinua ikusteko aukera emango die egileei, "Heineken Jazzaldia Europa guztiko jaialdi garrantzitsuenetako bat eta tradizio luzeenetakoa duena" baita.

   Kartel irabazlea erabaki duen epaimahaian diseinu grafiko eta argazkigintzako zenbait espezialistak hartu dute parte: Jose Luis Lanzagorta, musikaria, diseinatzaile grafikoa, Pedro Parraga jazzeko argazkilari espezialista, Virginia Errekalde diseinatzaile grafikoa eta Isabel Azkarate argazkilaria.

   Horiekin batera, Heineken Jazzaldiko bi ordezkarik (Miguel Martin zuzendaria eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio zuzendaria) eta Heineken Españako beste bik (Gerard Doblas Heinekeneko brand manager eta Santi Illarramendi Ipar Zonako Heineken etxeko aktibazio manager) hartu dute parte.

   Guztira, 301 kartel aurkeztu dira lehiaketara. www.heinekenjazzaldia.com webgunean, non jendeak botoa emateko aukera izan duen aurkeztutako kartel guztietatik hamar azken hautaketara igaro zitezen, 17.476 boto zenbatu ziren. Beste hamar kartel Heineken Españak eta Heineken Jazzaldiak hautatu zituzten. Epaimahaiak, beraz, 20 finalisten artetik aukeratu du kartel irabazlea.

   Botoa emanez parte hartu duten pertsona guztien artean bi abonu zozkatu dira 51. Heineken Jazzaldiko Trinitate enparantzako kontzertuetarako. Irabazlea Erika Moreno izan da.