Mari Jose Olaziregi eta Carmen Riera literaturaz eta hezkuntzaz ariko dira Bilbon

Bidebarrieta liburutegian izango da saioa
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 3 febrero 2012 13:27

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jende aurreko elkarrizketen bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzeko antolatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak literaturari eta literaturak hezkuntza planen barruan betetzen duen tokiari buruzko topaketa izango du datorren asteartean, otsailaren 7an, Mari Jose Olaziregi eta Carmen Riera idazleen eskutik.

   Antolakuntzak adierazi duenez, elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da, eta oraingoan, Cesar Coca kazetari, idazle eta unibertsitateko irakaslea izango da ekitaldiko moderatzailea.

   "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak literaturari eta hezkuntzari buruzko hitzaldia proposatuko du datorren asteko saioan. Gonbidatutako idazleek hainbat gairi buruz hitz egingo dute, besteak beste, eskolan egiten diren irakurketak, idazle handiak ala gaurkotasuna duten idazleak irakurri behar diren, egungo hezkuntza sistema eta irakurketari eta literaturari behar adina garrantzi ematen zaien. Horrez gain, umeengan eta gazteengan literaturaren aldeko grina pizteko zer egin behar den azaltzen ahaleginduko dira.

   Mari Jose Olaziregi (Donostia, 1963) idazlea eta Euskal Filologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Gaur egun Euskal Literaturako irakaslea da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Hainbat liburu idatzi ditu, horien artean "Bernardo Atxagaren irakurlea", Becerro de Bengoa saiakera saria irabazi zuen lana.

   Gainera, "Euskal gazteen irakurzaletasuna. Azterketa soziologikoa" (Bergarako Udalak argitaratua, 1998), eta "Intimismoaz haraindi: Emakumezkoek idatzitako euskal literatura" (Eusko Ikaskuntza, 1999) ere argitaratu ditu. Azken lan horretan, emakumeek idatzitako euskarazko literatura aztertu zuen, eta lan horietako batzuk mespretxatzeko edo baztertzeko ahaleginak salatu zituen.

   Bestalde, Carmen Riera (Mallorcako Palma, 1948) idazle eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Literatura katedradunak lan asko idatzi ditu gaztelaniaz eta katalanez, eta bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Bere lan garrantzitsuenetako batzuk "Dins el darrer blau" eta "Cap al cel obert" dira, biak ere, Mallorcako juduei buruzko eleberri historikoak. "La meitat de l'ànima" lanak Sant Jordi Saria irabazi zuen 2003. urtean.

   Azkenik, Cesar Coca (Bilbo, 1957) Kazetaritzan doktorea da EHUtik eta Informazio Zientzietan eta Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Konplutentsetik. Kazetaritzako profesional gisa egin duen ibilbide osoa 'El Correo' egunkarian egin du, eta bertan zuzendaritzaren albokoa da. Kazetaritza irakaslea da EHUn eta 'El Correo' egunkariaren Kazetaritza Masterrean. Hamar liburu inguru idatzi ditu, bakarrik edo beste batzuekin elkarlanean.