Mark Landis arte faltsutzaileari buruzko "Art and Craft" emango dute ostegunean Bilbon, "Hileko Dokumentala" zikloan

Pelikularen kartela
Foto: ZINEBI

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak urte osoan bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen "Hileko Dokumentala" estreinaldien zikloak, Sam Cullmanek eta Jennifer Grausmanek zuzendutako "Art and Craft" (AEB, 2014) filma aurkeztuko du ostegun honetan, maiatzaren 28an. Dokumentalak Mark Landis arte faltsutzaile estatubatuarraren pista jarraitzen du.

   Ohikoa denez, emanaldia Multicine zinema aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita, eta sarrerak 3,70 euro balio du. Pelikula ingelesezko jatorrizko bertsioan emangi dute, gaztelaniazko azpitituluekin, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

   Mark Landis AEBetako historian izan den arte faltsutzaile garrantzitsuena izan da seguru aski, eta dokumental honetan, bere lanaren pista jarraitzen da. 30 urtez herrialde osoko museoetako arduradunak engainatu zituen, mota guztietako imitazio bikainekin, XV. mendeko arte lanetatik Picassoren lanetara. Bere ekintzak misterioz beteta daude, faltsutzeak salduz milioiak irabazteko aukera izan zuen arren, dohaintzak egiten zituelako, apaizez edo filantropo eskuzabalez mozorrotuta.

   Matthew Leininger Cincinattiko Museoko Erregistro burua obsesionatuta dago Landisek bere lanetako batekin engainatu zuenetik: bere helburu nagusia hura jarraitzea eta behin betiko atxilotzea da. Katuaren eta saguaren joko gisa hasten dena, zerbait harrigarri eta askoz ere konplikatuago bilakatuko da.

CULLMAN ETA GRAUSMAN

   Sam Cullman eta Jennifer Grausman dokumentalaren zuzendariak dira. Cullman argazki zuzendari eta dokumentalen ekoizle eta zuzendaria da, eta hamar urte baino gehiagoko esperientzia du. Bere aurreko lanak, "The House I Live In" (2012) izenburukoak, Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Sundance zinemaldian, eta 2011n Dokumental Hoberenaren Oscar sarietarako izendatuta egon zen, "If a Tree Falls" lanarekin.

   MoMA Arte Museoko Zine Saileko buru izandako Jennifer Grausmanek dokumental asko zuzendu eta ekoitzi ditu, eta horien artean azpimarragarria da Dokumental Hoberenaren Emmy sarietarako izendapena jaso zuen "Pressure Cooker". Lan horrek sariak lortu ditu hainbat zinemalditan, adibidez, AEBetako Tribecan eta Kanadako Hot Dogs izenekoan.

   Zinebik jarraipena ematen dio urte osoko programazioari "Hileko Dokumentala" zikloarekin. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute. Horrela, Parallel40 banaketa etxearen eskutik, Multicine zinema aretoek zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.