Markeliñe, Les Mobilettes eta Paula Quintana, Leioako XVI. Umore Azokan sarituak

Les Mobilettes taldea izan da sarituetako bat
Foto: ASIER BASTIDA
Actualizado: lunes, 25 mayo 2015 13:55

Antolatzaileak "pozik" daude, jaialdiak 28.000 pertsona inguru batu dituelako eta egitarauaren kalitatea "ona" izan delako

   BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Leioako XVI. Umore Azoka - Kaleko Artisten Azokak Markeliñe eta Les Mobilettes taldeak eta Paula Quintana saritu ditu. Antolatzaileak "pozik" azaldu dira, jaialdiak iraun duen lau egunetan 28 pertsona inguru bildu direlako herri bizkaitarrean eta egitarauaren kalitatea "ona" izan delako.

   Horrela, sarituei dagokienez, Markeliñe konpainiaren "Andante" lanarentzat izan da Euskadiko Kale Ikuskizun Onenaren Saria, eta piezaren "kalea eraldatzeko ausardia" nabarmendu dute, bai eta piezaren "kale antzerkiaren muinera joz publikoa giro poetiko eta iradokitzailean murgiltzeagatik" ere.

   Halaber, Les Mobilettes konpainia frantsesak eskuratu du Kale Ikuskizun Onenaren Saria, "Café Frappé" piezagatik, epaimahaiaren arabera, "itxurazko soiltasunez espazio publikoarekin elkarrizketa sortu eta ikusleekin benetan bat egitea lortzeagatik".

   Azkenik, Paula Quintanarentzat izan da Artista/Ikuskizun Berri
Onenaren Saria, "Latente" lanari esker. "Dantza eta antzerkia uztartzeko erakutsitako heldutasunagatik eta proiekzio aukera handiak dituen ikuskizun borobila sortzeagatik" lortu du saria Quintana.

   Irabazleek garaikurrak eta diplomak jasoko dituzte, eta Paula Quintanak Hameka sorkuntza fabrikan egoitza bat egiteko aukera ere izango du sari gisa. Datorren urteko edizioan egingo da sari banaketa ekitaldia.

   Bestalde, aurten Juan Ortega Roldan antzerki sustatzaileak jaso du Umore Azokako 2015eko Ohorezko Saria, Eibarko Antzerki Topaketak antolatzen egindako lau hamarkadengatik eta arte eszenikoen alde egindako lan eskergatatik.

   Kale arteen eta antzerki munduko bost kide izan ditu epaimahaiak, eta haiek hautatu dituzte saritutako lanak. Filgi Claverie (Hamekako eta Harri Xuri sormen fabrikako arduraduna), Anna Giribet (FiraTàrrega), Elena Ros (ekoizle eta banatzailea), Fernando Marín (Kaldearte Gasteizko Kale Arteen Nazioarteko Erakustaldiko zuzendaria) eta Iñaki Ziarrusta (zuzendari, aktore eta eszenografoa) izan dira epaimahaikide.

BALORAZIOA

   Orotara, 28.000 pertsona inguru batu ditu Leioako XVI. Kaleko Artisten Azokak ostegunetik igandera bitartean, eta 50 talderen 170 emanaldi baino gehiago eskaini ditu orotara. "Pozik" azaldu dira antolatzaileak lortutako erantzunarekin eta egitarauak izan duen kalitatearekin.

   Kalean ere "erantzun positiboa" jaso dutela nabarmendu du Ana Lopez zuzendariak. "Publikoaren komentarioak oso onak izan dira, eta emanaldietan oso harrera ona izan dute", esan du.

   Umore Azokak duen azoka izaera ere agerian gelditu da lau egunotan, sektorearen topagune izan den Artekale gunean mugimendu bizia izan baita. 150 programatzaile eta banatzaile baino gehiago izan dira Leioan piezak ikusten, eta oso pozik azaldu dira antolatzaileak azokan izan den mugimendu komertzialarekin ere. "Fruitu oso emankorrak eman ditu topaketak merkatuaren aldetik eta oso baliagarria izan da kale arteen sektorea bisibilizatzeko", adierazi du Lopezek.