Marketina eta Publizitatea lanbide heziketa zikloa euskaraz egin ahalko da Bizkaian datorren ikasturtean, lehen aldiz

BILBO, 24 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Harrobia lanbide ikastolak Marketina eta Publizitatea goi mailako zikloa eskainiko du datorren ikasturtean, euskaraz. Dagoeneko matrikula egiteko epea irekita dago, eta Bizkaian ziklo hau euskaraz ikasteko aukera bakarra izango da.

Harrobia ikastolak jakinarazi duenez, Marketina eta Publizitatea zikloak komunikazio eta publizitate arloak elkartzen ditu, hau da, "gaur egun enpresetan bereziki beharrezkoak diren gaiak lantzen ditu, marketin digitala, sare sozialak, ekitaldien antolamendua, merkataritza ikerketak eta abar". Hori guztia, dagoeneko zentroan ematen diren kirol, informatika edo bideojokoen eremuetan landuko da beren-beregi.

Marketin eta publizitateko lan profila eskatuenen artean dago enplegu beharrei eta euskal enpresen kualifikazioari buruz Confebaskek, Euskadiko Kutxak eta Lanbidek egindako txosten eta ikerketetan. Halaber, Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Ekintza Planak esaten duenez, "kultura digitalaren garai hauetan, ahalegin bereziak bideratu behar dira sareko eduki eta aplikazioetara, ahalik eta esparru gehienetako eskaintza euskaraz izan dadin".

Horixe bera da, hain zuzen ere, Harrobia ikastolak erdietsi nahi duen xedea Marketin eta Publizitatea goi mailako zikloa zentroan euskaraz eskainiz.