Marta Zelaiaren erakusketarekin hasi da Bizkaiko Aldundiaren Barriek 2018 programa

Barriek 2018 programa abian da
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 17 enero 2018 14:30

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Marta Zelaia Urdulizeko artistak Bilboko Rekalde aretoan ireki duen "Sokatira" erakusketarekin hasi da Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Barriek 2018 programa. Foru erakundearen sorkuntza artistikorako bekak lortu dituzten artisten lan aukeratuekin urtero aurkezten den programa da Barriek.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak asteazken honetan aurkeztu du Barriek 2018, Rekalde aretoan bertan, aurten parte hartuko duten sei artistekin batera: Marta Zelaia, Raisa Alava, Jon Ander Garcia, Saray Perez, Iratxe Yanez eta Ander Sagastiberri.

Bilbaok azaldu du Barriek berritasun batekin datorrela 2018ko edizioan, programak artista bat "berreskuratu" baitu: Marta Zelaia. Urdulizen jaiotako artistak 1987 eta 1988 bitartean jaso zuen Bizkaiko Aldundiaren beka, eta orain bekadun gazteekin batera partekatuko du programa. "Horrela, aurretik Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso zuen sormen talentua berreskuratu gura dugu, ikusi zer lan egiten duten gaur egun eta aukera eskaini lan horiek jendaurrean ikusarazteko", gaineratu du.

Horrela, Barriek 2018 programa Marta Zelaiaren (Urduliz, 1962) erakusketarekin hasi da. Ondoren, Raisa Alava bilbotarrak (martxoaren 20tik maiatzaren 20ra), Jon Ander Garcia santurtziarrak (maiatzaren 22tik uztailaren 8ra), Saray Perez burgostarrak (uztailaren 10etik irailaren 2ra), Ander Sagastiberri bilbotarrak (irailaren 4tik azaroaren 4ra) eta Iratxe Yanez barakaldarrak (azaroaren 6tik urtarrilaren 5era) erakutsiko dituzte beren lanak, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan.

Gainera, jarduera osagarriak egingo dira artisten parte hartzearekin, hala nola artistaren ezagutza pertsonala bideratuko duten tailerrak eta jendeari sortzaileen lanen gakoak eta interesa erakusteko topaketak.