Matematikek eguneroko bizimoduan duten eraginari buruzko hitzaldi-zikloa hasiko da maiatzaren 5ean Bilbon

Actualizado: lunes, 25 abril 2011 13:19

BILBO, 25 Abr. (EUROPA PRESS) -

Maiatzaren 5ean hasiko da, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, "Matematika eguneroko bizimoduan"izenburuko hitzaldi-zikloaren zortzigarren edizioa. Lehenengo saioa Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Matematika Fakultateko katedradun Jose Maria Montesinosek emango du, "El arte de Escher: la Topología y la Cristalografía" izenburupean.

"Matematika eguneroko bizimoduan" hitzaldi-zikloa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko irakasleak diren Pedro Alegriak eta Raul Ibañezek sustatzen dute.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ahalik eta jende gehienari zuzenduta dago (gazteak, gurasoak, irakasleak, edozein eratako lanetan diharduten pertsonak, kulturarekiko interesa duten pertsonak, matematika gorroto dutenak...), matematika eguneroko bizimoduan, kulturan, aurrerapen teknologikoetan, ekonomian, medikuntzan, ingeniaritzan edo arkitekturan ere badagoela ohar daitezen.

Montesinosek emango duen hitzaldian, ezinezko figurak, teseladun mosaikoak eta alegiazko munduak irudikatzen dituzten egurrezko grabatu, xilografia eta litografia ezagunen egilea den Escher artista holandarraren obrei buruz hitz egingo du.

Hitzaldia 19:30etan izango da, Bidebarrieta Liburutegian, eta bertan, Montesinos irakasleak Escher-en grabatuak erabiliko ditu errealitate harrigarri bat irudikatzeko; hain zuzen ere, kristalografia geometrikoak ideia topologikorik oinarrizkoenetan, alegia, 1736 aldera Euler hilezina inspiratu zuten ideietan, duela jatorria.

Bestalde, hurrenez hurren Valentziako Unibertsitatean eta Santiagoko Unibertsitatean Geometria eta Topologiako irakasleak diren Juan L. Monterdek eta Maria Elena Vazquezek hitzaldi bana eskainiko dute; lehenak maiatzaren 12an emango du, "Un geómetra en el estudio de un arquitecto" izenburupean, eta bigarrenak maiatzaren 19an, "Matemáticas y cerebro" izenburupean.

Hitzaldi-zikloa Espainiako Matematikaren Errege Sozietateak (RSME), Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak (Bidebarrieta Kulturgunea), Radio Euskadik, Bizkaiko Foru Aldundiak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute.