Materia kondentsatuaren fisikaren alorreko zientzialari ospetsuak bilduko dira Donostian ekainaren 17tik 23ra

Actualizado: miércoles, 15 junio 2011 13:35

DONOSTIA, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak "Highlights in Quantum Condensed Matter Physics" lan saioa hartuko du ekainaren 17tik 23ra. Saioaren helburua gaur egun materia kondentsatuaren fisikaren alorra (grafenoa, isolatzaile topologikoak, supereroankortasuna eta atomo hotzak) ikertzen duten zientzialariak biltzea da.

Hala, zenbait gairi begira, auzi garrantzitsuak landuko dira, tartean tenperatura altuetako supereroankortasunaren arazoa, espintronika, nanoegitura supereroaleak eta grafenoan oinarritutako elektronikaren etorkizuna. Gai horiek bat datoz Donostiako zientzia komunitateko hainbat talderen ikerketa-ildoekin (DIPC, CFM Materialen Fisika Zentroa eta CIC nanoGUNE).

"Highlights in Quantum Condensed Matter Physics" lan saioa DIPCen egoitzan egingo da, eta Sebastian Bergeretek (CFM-DIPC), Miguel A. Cazalillak (CFM-DIPC), Chandra Varmak (Kaliforniako Unibertsitatea, Riverside) eta Francisco Guineak (CSIC Madril) antolatu dute. Varmak Humboldt saria lortu du, alegia, atzerriko ikerlari seniorrentzako Alemaniako sari garrantzitsuena, eta Francisco Guineak berriki Fisikako Nobel saria lortu duten Andre Geim eta Konstantin Novoselov irakasleekin kolaboratu ohi du. Horrez gain, Guineak lankidetza estua du DIPCekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU).

EHUk gidatzen duen Nazioarteko Bikaintasun Campus talde estrategikoko kide da Donostia International Physics Center (DIPC). Maila altuko zientzia ekitaldi honi esker Euskampusen nazioarteko proiekzioa hedatu egingo da, eta ondorioz, baita Gipuzkoak bikaintasun jakintzako polo gisa duen proiekzioa ere.

EHUko iturriek azaldu dutenez, duela 100 urte, Kamerlingh Onnes-ek aurkitu zuen tenperatura oso baxuetan (10K= -263 ºC) zenbait metalen erresistentzia elektrikoa desagertu egiten zela; ezaugarri horiek dituzten materialei supereroaleak deritze. Erresistentziarik gabeko zirkuitu elektronikoak sortzeko aukerak fenomeno hori ikertzera eraman ditu zientzialariak, XX. mendean hasi eta gaur egun arte.

Materialak tenperatura baxuetan jarri behar izatea da, ostera, aplikazio praktikoetarako arazo handiena. 1986an Bednorz-ek eta Müller-ek 90 K (-183 ºC) azpiko tenperaturan ezaugarri supereroaleak zituen material zeramikoen familia bat aurkitu zuten. Horren ondoren laborategi ugari saiatu ziren tenperatura kritiko altuagoa zuten materialak aurkitzen. Gaur egun 130 K-ra (-143 ºC) iritsi dira.

Tenperatura supereroale altuagoak dituzten materialak bilatzeko, supereroankortasunaren jatorrizko mekanismo mikroskopikoa ulertu behar da. Lan saioko zenbait hizlarik eredu teorikoak eta teknika esperimentalak azalduko dituzte, tenperatura altuetako supereroankortasunaren jatorria hobeto ulertu ahal izateko.

ESPINTRONIKA

Espintronika elektroiaren karga zein espina esplotatzen dituen teknologia da, eta une honetan hedatzen ari da. Arlo honetako erronka nagusia espinaren korronteak kontrolatzea da. Berriki aurkitu diren zenbait materialek, isolatzaile topologikoek, espintronikarako erabil daitezkeen azaleko espin korronteak dituzte. Ekitaldira gonbidatutako aditu batzuk material horiei eta balizko aplikazioei buruz mintzatuko dira.

Halaber, nanoegitura supereroaleak ere azalduko dituzte, hau da, material supereroaleekin egindako egiturak, nanometro hamarreko gutxikoak. Egitura horiek lehen qubit-ak (konputazio kuantikoan erabiltzen den gutxieneko unitatea) egiteko erabili dira. Gaur egun ordenagailu kuantikoa eraikitzeko interes handia piztu da, baina momentuz ez da lortu hamar qubit baino gehiago batzea. Erronka hori gauzatzeko funtsezkoa da supereroankortasuna eskala nanometrikoan hobeto ulertzea.

Topaketak egun oso bat eskainiko dio grafenoari. Fisikako azken Nobel saridun Geim eta Novoselov irakasleek laborategian grafenoa isolatzea lortu zuten. Grafitozko geruza atomiko bakarra da grafenoa, hau da, karbono atomoen atomo lodierako geruza. Grafenoak ezaugarri bikainak ditu zirkuitu integratuetan osagai gisa erabiltzeko. Horregatik azken urteetan nabarmen ugaritu dira material horri buruzko ikerketa lanak.

HIZLARI OSPETSUAK

Orotara, "Highlights in Quantum Condensed Matter Physics" lan saioan 40 hizlari baino gehiago bilduko dira, mundu osoko ospe handiko erakundeetatik iritsitakoak: Standford-eko Unibertsitatea, Yale-ko Unibertsitatea, Massachusetts Institute of Technology-MIT, Princeton-eko Unibertsitatea, Stuttgart-eko Unibertsitatea, Tokioko Unibertsitatea, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena-CSIC eta abar.

Besteak beste, Amerikako Fisika Elkarteak banatzen duen Oliver Bucley saria eskuratu duten bi zientzialari izango dira: Duncan Haldane (Princeton-eko Unibertsitatea, New Jersey), elkarren arteko korrelazio handiko sistemen teoriari egindako ekarpenagatik, eta Zhi-Xun Shen (Standfordeko Unibertsitatea, Kalifornia), angeluan ebatzitako fotoemisio teknikaren berrikuntzengatik eta tenperatura altuko supereroaleak ulertzeko aplikazioengatik.

Europako Fisika Elkartearen saria eskuratu duten bi zientzialari ere bertan izango dira: Laurens Molenkamp (Würzburge-ko Unibertsitatea, Alemania) eta Shou-Chen Zang (Standford-eko Unibertsitatea, Kalifornia), espinaren Hall efektu kuantikoa aurreikusi eta aurkitzeagatik.

Aipatutakoez gain, Donostian izango dira Ahron Kapitulnik (Standford-eko Unibertsitatea, Kalifornia), supereroankortasunaren arloan esperimentu nabarmenak egiteagatik Kamerlingh Onnes sariaren irabazlea, eta Leonid Glazman (Yale-ko Unibertsitatea, Connecticut), Humboldt sariaren irabazlea.