Memoria historiko, bake, bizikidetza eta giza eskubideen proiektuak egiteko milioi bat euro banatuko ditu Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 16 febrero 2016 12:56

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak 1.005.000 euro banatuko ditu aurten diru laguntzetan, memoria historikoa eta bakea sustatzea, eta giza eskubideen konpromisoan oinarritutako bizikidetza demokratikoa ondratzea eta aitortzea sustatzen dituzten proiektuak finantzatzeko. Diru laguntzon deialdia Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako hiru ebazpenetan jaso da eta ebazpen horiek astearte honetan onartu ditu Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak.

   Zehazki, Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, 600.000 euro banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aritzen diren erakunde eta mugimenduek garatuko dituzten giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren alorreko programa eta ekimenen artean, eta beste 300.000 euro, EAEko udalek eta bestelako toki erakundeek alor horretan garatuko dituzten proiektuen artean.

   Bi kasuetan, diru laguntza horiek bake eta bizikidetza alorreko planak eta eskola edo familia alorreko gatazkak konpontzeko proiektuak abian jartzea finantzatzeko balio izango dute, baita ikastaroak, tailerrak, dibulgazio jardunaldiak eta prestakuntza eta sentsibilizazio ekimenak egiteko ere.

   Memoria historikoari dagokionez, Jaurlaritzak 105.000 euro emango ditu 1936-1977 aldiko memoria historikoaren, balio demokratikoaren, demokraziaren eta askatasunaren borroka berreskuratzeko, zabaltzeko eta ezagutarazteko EAEn egiten diren proiektuak diruz laguntzeko. Diru laguntza horietara jo ahal izango dute estatutuetan helburu modura memoria historikoaren berreskurapena duten izaera pribatuko eta irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoek.

   Diru laguntza horiek eskatzeko epea, ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren biharamunetik aurrera hasiko da, eta data horretatik hilabetera bukatuko da diru laguntzak eskatzeko aukera.