Memoria historikoan emakumeari "ikusgarritasun gehiago" emateko programa indartu du Gipuzkoako Aldundiak

Agerraldiaren une bat
ORAIN GIPUZKOA
Actualizado: viernes, 17 marzo 2017 16:43

DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria historiaren esparruko programa indartu du, "emakumeei merezi duten ikusgarritasuna" emateko asmoz. Zehazki, ekitaldi publikoak, kultur produktuen ekoizpena eta diru laguntza deialdietan emakumearen ikuspegia txertatzea aurreikusi ditu foru erakundeak.

"Orain arte bigarren mailan geratu izan gara beti eta, hori dela eta, memoria arloko elkarteekin eta erakundeekin elkarlanean, ekintza positiboak proposatzen ditugu emakumeek garai hartan bete zuten papera ikusarazteko", Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubidetako foru zuzendariak Donostian ostiral honetan egindako agerraldian adierazi duenez.

Vaquerorekin batera izan dira Iban Gonzalez "Ama nora goaz?" dokumentalaren zuzendaria eta Lore Albizu filmaren protagonistetako bat. Dokumentalak 1937ko neguan frankistek Gipuzkoako hainbat herritatik bortxaz bota zituzten emakumeen historia jasotzen du, eta Gipuzkoako Aldundiak proiektuaren finantzaketan hartu du parte. Aurki aurkeztuko dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.

Agerraldian, Gonzalezek dokumentalari buruzko hainbat xehetasun eskaini ditu eta Albizuk, bere aldetik, lehen pertsonan bizi izan zituenak partekatu ditu. Gainera, Vaquerok aurreratu duenez, foru erakundeak emakume hauek omenduko ditu martxoaren 29an, Foru Jauregian egingo den ekitaldi hunkigarri batean.

"Ia ahanzturak irentsitako istorio bat da esku artean duguna", esan du foru zuzendariak, "eta orain berreskuratu egin da memoria arloko erakundeen eta erakundeen elkarlanari esker". Gertakariotan, 750 pertsona inguru kanporatu zituzten Gipuzkoako 14 herritatik, gehienak emakumeak eta umeak, arrazoi politikoak medio. Zumaia izan zen prozesu lazgarri honetan herririk kaltetuena eta, Vaquerok gogoratu duenez, Zumaiako Udalak eta herritarrek pasa den otsailaren 12an oroitu zituzten gertakariok Aldundiak ere parte hartu zuen ekitaldi batetan.

EZ ERREPIKATZEKO BERMEA

Vaquerok nabarmendu du "oso garrantzitsua" dela memoria historikoa lantzea "horrelako gertakariak ahaztu ez daitezen", hori baita "ez errepikatzeko bermerik onena". Bere iritziz, omenaldi publikoek edo kultur produktuen ekoizpenek ekarpen garrantzitsua egiten dute zabalkunde eta pedagogia ahalegin horretan. Kasu honetan, Gipuzkoako Aldundiak egin diren eta egingo diren aitortza ekitaldien antolakuntzan hartu du parte, eta aipatutako dokumentala eta liburu bat finantzatu ditu.

Hala ere, Vaquerok nabarmendu du lan pedagogiko horretan "arreta berezia" jarri behar dela emakumeei dagozkien gertakarietan, orain arte kontakizun nagusitik at geratu izan baitira. "Zorionez, azken urteetan hobekuntza nabarmena sumatzen da esparru honetan, memoria arloko elkarteek eta erakundeek egindako lanari esker", adierazi du.

Pasa den urtean, Bizikidetza eta Giza Eskubidetako Zuzendaritzak Gipuzkoan memoria historikoan gaur egun arte egindako lanen bilketa eta antolaketa ariketa egin zuela azaldu du. "Atera genuen ondorio nagusia izan zen orain arte egindakoan emakumeen papera bigarren planoan zegoela. Gabezia hori betetzeko, erabaki genuen emakumeei buruzko lan lerroa txertatzea Aldundiaren memoria historikoko proiektuak finantzatzeko urteroko laguntza deialdian", azaldu du.

Gaineratu duenez, jasotako erantzuna positiboa izan da oso, finantzatu diren proiektuen herenak emakumea izan dute eta protagonista. "Gai honen inguruko sentsibilizazioa hedatzen ari denaren adierazle garbia dugu hau", esan du.