Mendi Tour ekimenak mendiko zinemagintzako lanik onenak eramango ditu Hondarribira ostegunean eta ostiralean

Silanes (ezkerrean) Baraizarra, aurkezpenean
BILBAO MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: lunes, 3 abril 2017 17:48

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren filmik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tour ekimena bigarrenez egingo da Hondarribian, ostegunean eta ostiralean, apirilaren 6an eta 7an. Mendia, abentura eta natura uztartzen dituen filmagintza du ardatz Bilboko jaialdiak, eta hiriz hiri eta herriz herri aurkezten da Mendi Tour ekimenaren bidez. Gainera, 2017 urte berezia da, hamargarren edizioa beteko baitu jaialdiak abenduaren 8tik 17ra.

Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia eta Jabier Baraizarra Bilbao Mendi Film Festival-eko zuzendaria izan dira Mendi Tour ekimenaren aurkezpena egin dutenak. Silanesek hondarribitarrei eta Bidasoaldeko ikusleei dei egin die, "kalitate handiko eta oso ikusgarriak diren filmak" ikustera bertaratzeko, iazko edizioan "asko gozatu" zutela gogoratuz. Gazte jendeari dei egin dio bereziki, mendiko zinemagintza "oso erakargarri" egingo zaielako.

Baraiazarrak berretsi du hori bera: "oso programazio ona da, bizia eta erakargarria bai gazte jendearentzat, bai mendizale direnentzat eta mendi zinemagintza gustoko dutenentzat eta oro bat zinezaleentzat".

Hondarribian sei film eskainiko dira guztira: Bilbao Mendi Film Festival 2016ko garaileen zerrendan ageri diren bost, tartean "Freedom Underload" saritu nagusia, eta "Tom", Bilboko azken edizioan asko gustatu zen lana.

Hondarribiko Udalak, iazko arrakastaren ostean, bigarrenez babestuko du Bilbao Mendi Film Festival-ek antolatu eta Zineuskadi elkarteak lagundutako ekitaldia. Itsas Etxea auditoriumean eskainiko dira saioak 20:00etatik aurrera, eta sarrerak hiru eurotan salgai daude Arma plazan edota Kutxabank sarrera salmenta atarian. Saioen egunetan leihatilan bertan salduko dira emanaldia hasi baino bi ordu lehenagotik.