Mendi Tour zirkuituak 8.500 ikusletik gora bildu ditu urte erdian

Zirkuituak abuztutik aurrera jarraituko du
MENDI TOUR FILM FESTIVAL
Actualizado: jueves, 22 junio 2017 11:08

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren azken edizioko ale onenak biltzen dituen Mendi Tour zirkuitua "sekulako datuak" eskaintzen ari da 2017an eta 8.500 ikusletik gora bildu ditu aretoetan, urte erdian egin diren 50 Mendi Tour saioetan. "Bistakoa da geroz eta hiri, herri eta jende gehiagorengana iristen ari dela mendiko zinemagintza Mendi Tour eskaintzari esker", jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Euskal Herriko hainbat herritan egindako saioekin batera, ekimena kanpoan ere zabaltzen ari da, eta Val d'Aran eta Luz Saint Sauveur Pirinioetako bailaretara, Kantabriara, Valentziara eta Mexikoko hiri garrantzitsuenetara iritsi da jada.

Urte bukaera bitartean, eta abenduko Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren hamargarren edizioa jomugan dela, beste hainbat Mendi Tour izango dira. Horrela, abuztuaren 19an saio berezia izango da Mundakan, "izar azpian egingo den lehen Mendi Tourra izango baita", eta urriaren 16tik 19ra, Madrilen lau eguneko Mendi Tourra osatuko da, Espainiako hiriburuan laugarrenez jarraian egingo delarik Mendi Tourra.